Bergarako Sortuk adierazi duenez, kondena erabat bete ostean irten da Gaztelu Algecirasko espetxetik. 30 bat lagun eta senide zituen Gazteluk espetxe atarian zain. Sortuk egun "oso pozgarria" dela uste du: "1937an Telesforo Monzonek ihes egin zuenetik Bergaran beti izan da preso edo iheslari politikoren bat. Gazteluren askatasunarekin dagoeneko ez daukagu herrian preso edo iheslari politikorik. Orain, errealitate hori Euskal Herri osora hedatu beharra dago".
Harrera gaur, Arranon (21:30)
Gaztelu gaur bertan helduko da Bergarara, 21:00ak aldera. Ordu horretarako herrikideak izango ditu zain Arrano tabernan, bertan egingo diote-eta harrera, 21:30ak aldera.
Ortega Lara bahitu izanagatik espetxean
1997ko uztailean atxilotu zuten Gaztelu, Ortega Lara bahitu zuen ETAko Txantxangorri komandoko kidea izateagatik. Ordutik espetxe ezberdinak ezagutu ditu euskal preso bergararrak: Alcala Meco, Salamanca eta Algeciras, besteak beste.