Martxan da Bergarako Kirol Argazkien Lehiaketa

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko ira. 27a, 15:34
Iazko edizioko irabazleak, Aroztegin.

Argazki lehiaketa ezagunaren 27. edizioa izango da aurten eta Argizaiola deritzon lehiaketarako baliagarria izango da. Lanak aurkezteko azken eguna urriaren 11 izango da eta aurten ere zortzi sari banatuko dira. Argazki onenak urriaren 14an aukeratuko dituzte eta horiekin erakusketa bat jarriko dute Aroztegin, urriaren 20tik 29ra.

Lehiaketa Udalak antolatu du Arizondo argazkizale elkartearen laguntzarekin, eta Euskadin bizi den edozein afizionatuk parte hartu ahalko du. Gaia kirol ekintzen ingurukoa da, zuri-beltz zein koloretako argazkiak aurkeztu ahal izango dira eta gehienez mota bakoitzeko lau lan aurkez daitezke, betiere 40x50 zentimetroko kartulinan aurkeztuta. Lanen atzealdean titulua, egilearen izen-abizenak, bizilekua, telefonoa eta posta elektronikoa jarri beharko dira.

Esandako moduan, argazkiak aurkezteko azken eguna urriaren 11 izango da eta interesatuek argazkiak Udaletxera eraman edo posta zertifikatuz bidali ahal izango dituzte: Bergarako Udala. Agorrosingo Kirol Gunea (Argazki Lehiaketa). Boni Laskurain 21. 20.570 Bergara.

Sari ederrak

Zortzi sari banatuko dira guztira, bi kategoriatan (zuri-beltz eta kolorea) banatuta: lehen saria, 210 euro eta trofeoa; bigarren saria, 180 euro eta garaikurra; hirugarren saria 150 euro eta garaikurra; herriko onena: 120 euro eta garaikurra. Erabakia urriaren 14an hartuko da eta aukeratutakoak Aroztegi Aretoan egongo dira ikusgai urriaren 20tik 29ra bitartean. Argazkiak itzuliko dira erakusketa itxi eta ondorengo 30 egunetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak