Irteeraren helburua da zetazeoak eta, aldi berean, itsas hegaztiak ikustea. "Eskarmentu handiko enpresa baten bitartez, aukera egongo da izurde mota desberdinak, katxaloteak, kalderoiak, rorcual borealak eta, agian, bale urdinak ere ikusteko", adierazi dute Udaletik.
Horrez gain, adituek diotenez, irteeraren data oso aproposa da albatrosaren gisako itsas hegazti bereziagoak ere ikusteko, hain justu migrazio lerroa Kantauritik pasatzen delako eta sasoi horretan hegazti asko mugituko direlako. Adituen arabera, "erabat ikusgarria" izan ohi da.
Prezioa: 70 euro
Irteeran parte hartzeko 70 euro ordaindu behar dira. Prezio barruan sartzen dira Bergaratik Santurtzira joan-etorria egiteko autobusa eta zortzi orduko itsasontzi ibilaldia. Jana eta edana norberak eraman beharko du. Itsasontzian zetazeoak identifikatzeko gidak banatuko dira elebitan eta azalpenak emateko bi aditu izango dira; bata euskaraz arituko da eta bestea gaztelaniaz.
Azalpenak irteeraren bezperan
Irteeraren bezperan, azaroaren 3an, hitzaldia izango da Laboratorium Museoan, zer ikusi ahal izango den, zer eraman beharko den eta gaiari buruzko aurretiazko azalpenak emateko. Hitzaldi hori gaztelaniaz emango dute. Hitzaldiaren zein irteeraren ordutegiak laster emango dira jakitera.
Interesatuek Laboratorium Museoan eman beharko dute izena lehenbailehen, plazak mugatuak dira-eta. Informazio gehiago: 943 769003. Horrez gain, irteera egunerako itsaso txarra balego, beste data bat zehaztuko litzateke edo dirua bueltatu.