Gogotsu zelairatu dira bergararrak aurreko bi partiduak ere irabazita. Lehen hamar minutuak aspergarriak izan dira, baina ondoren hasi dira gol aukerak iristen. Hala, harmailetako zaleek Asis Peñak boleaz egindako jaurtiketa batean baloia sareetara bidaltzea ospatu dute, baina gutxi iraun die pozak, epaileak baliogabetu egin du-eta gola. Dena den, mahoneroak hobeto jokatzen hasi dira, eta, hala, Martin Azpiazuren gola izan da etxekoak markagailuan aurretik jarri dituena; gol polita gainera, area kanpotik sartu duena.
Bergararren bigarren gola bigarren zatian iritsi da, Iñigo Machoren eskutik, atezainaren aurrean Markel Ilzarbek egindako pasea baliatuta. Bost minutu beranduago, baina, Asis Peña bergararrari bigarren txartel horia atera dio epaileak eta hamar jokalarirekin geratu dira etxekoak. Hala ere, ez dute atzera egin eta aukerarik politenak eurek izan dituzte. Partidaren bukaeran golik ez, eta larritasun une batzuk bizi izan dira Zarauzko jokalari batek buruan kolpea hartu duenean.
Taldearen denboraldi hasiera ezin hobeak zaleak ere animatu ditu eta harmailak lepo izan dira.
Partidua bukatutakoan elkarteko futbol talde guztiak aurkeztu dituzte, hamabost guztira.