Osintxuko auzotarrek iaz antolatutako lehenengo mendi lasterketa arrakastatsua izan zen. Eguraldiak lagundu egin zuen, 100 lagun inguru batu ziren irteera puntuan, eta 10 kilometrotako lasterketa azkarrean mendi lasterkariak erritmo bizian ibili ziren. Distantzian motza, baina gorabehera handikoa, Iñigo Alzolak eta Maddi Mujikak sasoi puntu ona erakutsi zuten lasterketa irabazita, eta beste proba batzuetara begira entrenamendu saio aparta izan zela azpimarratu zuten.
Bada, Txuringo Kirol Elkarteko lagunak bigarren edizioa antolatzera animatu dira, eta urriaren 8an izango da hitzordua (10:30, Osintxuko plazan). Izena aurrez emateko azken eguna urriaren 6a izango da, eta herrikrosa.eus webgunearen bitartez egin behar da. Antolatzaileek gehienez 160 lagunendako tokia gorde dute, eta lasterketan parte hartzeko 10 euro ordaindu behar dira.