Bazkide berrien bila aurkeztuko du denboraldi berria BKEk

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko ira. 19a, 17:33
BKEko futbol saileko talde nagusia zelairatu berri, artxiboko argazki baten.

BKEko futbol sailak martxan jarri du 2017-2018 denboraldirako bazkide kanpaina, Agorrosingo harmailak zalez bete eta klubari babesa emateko asmoz. Era berean, zapatuan Bergarako lehen taldeak Zarautzen aurka jokatuko duela aprobetxatuta, talde guztiak aurkeztuko dituzte partiduaren ostean, 18:30ak aldera.

Bazkide kanpainaren beste helburuetako bat da gaur egun klubak duen bazkide kopurua handitzea eta herriko gazte jendea klubeko bazkide egitera animatzea. "Kanpaina hau adin guztietarako jendearentzat zabalduta dagoen arren, gaur egungo bazkideen adin media nahiko altua dela ikusita, Zuzendaritzak jende gaztea erakartzeko ahalegin berezia egin du eta aurtengo denboraldian berrikuntza esanguratsu bat izango da sarrera zein abonuetan". Tribuna eta jubilatuez gain, gazteei (18 - 26 urte bitartekoentzat) bereziki zuzendutako abonu eta sarrerak izango dira lehenengoz aurtengo denboraldian.

Abonuen eta sarreren prezioak

Prezioei dagokienez, Tribunako abonu orokorra 80eurokoa da eta erretiratuena 50eurotan mantenduko dira eta gazteena, berriz, 40 eurokoa izango da denboraldi osorako. Sarrerei dagokionez, prezioak ere mantendu egingo dira, 6€ orokorra eta 3€ jubilatuak, eta gazteak ere 3€. Denboraldi honetarako ere Clinica Dental Aramburu eta Optica Manso komertzioekin akordio berritu du klubak eta klubeko bazkideek deskontuak izango dituzte aipatutako dendetan.

Informazio mahaia eguenean, Iralan

Bazkide kopurua handitu eta jendeak informazioa jaso dezan, Irala kalean (Peñalba alboan) informazio mahai bat jarriko dute zuzendaritzako kideek; eguenean, hilak 21, 18:00etatik 21:00etara eta zapatuan, hilak 23, 11:00etatik 14:00etara. Zapatu arratsaldean 16:30etan Zarautzen aurka lehen taldeak jokatuko duen partiduan ere informazioa banatuko dute. Horrez gain, txartela jasotzeko duten bazkideek ere Irala kaleko postuan edo partiduan bertan Agorrosingo leihatilan eskatuta jaso ahal izango dute.

Babesletzarako zabalik

Honetaz gain, klubeko babesle izateko aukera zabalik dagoela jakinarazi nahi diete enpresa eta komertzioei. Interesa duen orok, bergarake@gmail.com helbidera idatzi edo zuzendaritzako kideekin harremanetan jar daitezke informazioa lortzeko.

Talde guztien aurkezpena zapatuan

Bestalde, zapatuan (18:30) Bergara eta Zarautzen arteko Ohorezko Erregional Mailako partiduaren ostean 2017-2018 denboraldiko taldeen aurkezpena egingo da Agorrosinen. Bertan, denboraldi berrirako 15 taldeak aurkeztuko dituzte. Aurreko urteko talde kopurua mantentzen du futbol sailak eta berrikuntzen artean, aurreko urtean lortutako bi igoeren ostean, Ohorezko Erregional eta Preferente mailan izango ditu taldeak. Jaitsierarik eman ez zenez, gainontzekoak maila berean lehiatuko dira. "Gonbidapena egiten diegu zale, famili eta lagun guztiei aurtengo taldeak ezagutzera etortzera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak