Oporren ostean, gogorra edo zaila izaten da gorputza berriro entrenamenduetako errutinara ohitzea?
Bietatik apur bat. Eguneroko entrenamenduak, zorroztasuna, errutina, erregulartasuna... Gogorra eta zaila da, aldi berean, baina ohituta nago.
Eta, hala ere, Kontxako Badia zeharkaldia irabazi zenuen irailaren 10ean. Zorionak!
Kontxa barruan egiten den 2.500 metroko zeharkaldia da. Itsasoa nahiko mugituta zegoen, baina badia barruan nahiko ondo ibili ginen. Pozik nago emaitzarekin. Gogor irten nintzen, eta segituan ipini nuen nire erritmoa, aurkariak atzean uzteko. Hori lortuta, helmugara zuzen.
Zeharkaldietan ze estrategia erabiltzen duzu?
Gorputzaldiaren eta aurkarien araberakoa da. Batzuetan, hobe da erritmoa indartu eta bakarrik igeri egin. Beste batzuetan, taldean joatea ezinbestekoa da. Erritmoa jaitsi eta laguntzarekin joan.
Zeharkaldiak, normalean, azken metroetan erabakitzen dira.
Zeharkaldien denboraldi erdia bakarrik egin duzu, baina lautik hiru irabazi dituzu. Oso emaitza ona, duda barik.
Gustura nago, bai. Hiru irabazi ditut eta bestean bigarren geratu nintzen. Erdia egin dut, urteko helburua, abuztuko Espainiako igeriketa txapelketa zelako.
Eta nola joan zen Espainiakoa?
Hiru proba ziren: 50, 100 eta 200 bular estiloan. Baina proba baino egun batzuk lehenago katarroa harrapatu nuen, eta distantzia luzeena ezin izan nuen egin. Arnasa hartzeko zailtasunak nituen. 50 eta 100 bular estiloko emaitzak onak izan ziren.
Eta, zer duzu begiz jota denboraldi berrirako?
Plangintza iazkoaren antzekoa izango da. Bereziki, udaberriko Espainiako txapelketa da jomuga. Azaroan ere badira neguko Espainiakoak, baina, bi hilabeteko prestakuntzarekin, justu samar iritsiko naiz.
Domeketan izan ezik, egunero hiru orduko entrenamenduak, bi hilabetean, eta ez da nahiko txapelketa bat prestatzeko?
Tarte ona da, duda barik. Baina denboraldi hasierako entrenamendu saioak ez dira urtarrilekoak bezalakoak izaten. Ez zaie etekin bera ateratzen. Dena den, azarokoan egoteko asmoa ere badaukat.