Igeriketa elkarteak entrenatzaile berria dauka

Maite Txintxurreta 2017ko ira. 8a, 14:26

Xabi Labaka Agorrosingo igerilekuan

Xabier Labaka bergararra dagoeneko lanean hasia da Mikel Mujikari erreleboa hartzeko. Entrenatzaile berriak dio Mujikak hasitako dinamika onari jarraipena ematen ahalegintzea izango dela denboraldi honetarako bere asmo nagusia.

Bergarako Igeriketa Elkartean entrenatzaile berria izango dute denboraldi honetan, Xabier Labakak (Bergara, 1994) hartuko baitio erreleboa Mikel Mujikari.

Labaka ez da hutsetik hasiko; izan ere, iaz entrenatzaile laguntzaile lanetan aritu zen. Orain, Mujika eta biok arituko dira urrira bitartean, trantsizioa egiteko. "Asmoa da urte guztirako izango den ardura honi eskua hartzen joatea", dio entrenatzaile berriak. Labakak Gorputz Hezkuntzako Magisteritza ikasketak egin ditu, eta "txiki-txikitatik" dabil igeriketa munduan murgilduta.

Dinamika onari segida

Entrenatzaile izateko proposamena nola hartu duen galdetuta, zera dio: "Hasieran zalantzak izan nituen; izan ere, ardura handia da. Azken finean, ez gabiltza igeriketa ikastarora datozen umeez ari, igerilari hauek emaitza batzuen bila ere badoaz". Azkenean, baina, baiezkoa eman zuen, eta azpimarratu du bere nahia Mujikak egindako lanari "segida ematea" dela: "Hemen gertatu zena da Amaia Andueza entrenatzailea joatean, lau bat urtetako hutsunea egon da. Orduan, progresioa galdu egin genuen. Orain, berriz, Mikelekin pixkanaka hasi gara berriro emaitza onak lortzen, eta nire nahia da bide horretatik jarraitzea". Horretarako, bere lana "ahalik eta hobekien" egiten ahaleginduko dela dio: "Nik ere oraindik ikasteko asko daukat, nahiz eta txikitatik jardun igeriketan. Entrenamendu mota aldetik, adibidez, metodo asko daude. Niretako, baina, oso garrantzitsua da entrenatzaile batendako igeriketa mundua ezagutzea. Izan ere, horrela igerilarien tokian jartzen zara,".

Hilabete eta erdi barru izango dute lehen lehia, eta ondoren, hiruzpalau astean behin: "Epe motzera lehenengo helburua Gipuzkoako Kopa izango da, azaro erdialdean. Eta gero Gipuzkoako eta Euskadiko Neguko txapelketak."

Zortzi urtetik aurrerako igerilariekin lan egingo du Labakak., eta, hark dioen moduan, adin tarte bakoitzean landu beharreko alderdiak desberdinak dira: "Txikiekin gehienbat da oinarria egitea eta teknika hartzen joatea. Nagusiekin, emaitzak lortzea izan ohi da helburua, eta norbere markak hobetzea".

Igerilari trebea

Igerilari moduan trebea da Xabier Labaka, azkenaldiko emaitzei begiratu besterik ez dago. Getaria-Zarautz zeharkaldi entzutetsuan, esaterako, hamaikagarren helmugaratu zen. "Ezusteko emaitza" izan omen zen berarentzat, eta klabea "presio barik" joatea izan zela uste du. Izan ere, triatloian ere aritzen da bergararra, baina, iaz, arrazoi desberdinengatik, "entrenatzeko denbora gutxirekin" ibili zen; bada, zeukan denbora hori astean hiruzpalau aldiz igerilekuan entrenatzeko aprobetxatu zuen, eta emaitza, bistan denez, oso ona izan zen.

Ez hori bakarrik; izan ere, ekainean mundu mailako Oceanman zirkuituaren baitako Greziako zeharkaldi batean hirugarren egin zuen. Bada, emaitza horrekin, urrian Benidormen jokatuko duten finalean parte hartzeko sailkatu da bergararra. Bederatzi kilometro eta erdi inguruko proba hori prestatzen jardungo du hilabete honetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak