"Gipuzkoako bigarren eta hirugarren mailan talde bana izango dugu"

Badirudi azkenaldian xakea indartsu dagoela Bergaran. Horren errua, hein handi batean, duela hiru urte Bergarako Xake Elkartearen barruan sortu zen talde berriak dauka. Bertako kide da Mikel Barkero.

Nola hasi zen zuen xake taldea?

Duela hiru urte proiektu bat abiatu genuen xakearen bueltan.  Lehenengo egunetik modu asanbleario baten aldeko apustua egin dugu, eta erabakiak denon artean hartzen ditugu. Lehenengo bileran lau batu ginen, eta ekipo bat sortzeko jende gehiago behar da. Azkenik, hamar apuntatu ginen eta talde bat sortzea lortu genuen. Iaz, jada hamasei ginen, hau da, sei pertsona berri batu ziren. Aurten oraindik ez dakigu zenbat izango garen zehazki, baina bajarik ez dago eta gutxienez pertsona berri bat badator; gehiago ere bai, ziurrenik.

Jende gaztea zarete, gainera.

16tik 35 urtera artekoak. Etorkizunera begira erronka bat ere badaukagu: emakumeak ere xakera gerturatzea. Gaur egun ez dago emakumerik gurean. Hor dugu arazoa. Ez da gure arazoa bakarrik, talde gehienetan gertatzen da, orokorra da. Baina uste dugu horren bueltan zerbait egin beharko dugula etorkizunean. Bestalde, umeekin ere zerbait egiteko asmoa badugu aurrera begira.

Lehiatu egiten duzue?

Bai, Gipuzkoako ligan aritzen gara. Lehenengo urtean, ondo pasatzea zen helburua, eta iaz lortu genuen ekipo bat mailaz igotzea. Hortaz, aurten bigarren eta hirugarren mailan talde bana izango dugu. Helburua mantentzea da, noski, baina talde ona daukagu eta gora begiratu behar dugu.

Liga zelakoa izaten da?

Liga oso motza da. Urtarriletik martxoa bukaerara arte, hamaika partida bakarrik dira. Baina, azkenean, astebururo lau pertsona joan behar dira jokatzera. Partidetan, pertsona bakoitzak ordu eta erdi dauka, eta mugimenduko hogeita hamar segundo ematen dizkizute. Motzenak ordu eta erdikoak izaten dira normalean, eta luzeenak hiru ordu eta erdi inguru.

Interesdunek zer egin dezakete?

Asmoa da ostegunero Zabalotegiko dorreko lokala edozeinentzat zabalik izatea bostetatik aurrera. Gainera, nibel pixkatxo bat izanda, jada lehiatu daiteke. Urtean bi torneo ere egiten ditugu. Bata abenduan, gaztetxean. Eta beste bat, gaztetxearen urteurrenean, ekainean. Bigarren hori kalean egin ohi dugu, eta beti norbait berria apuntatzen da. Beste batzuk ere kuriositatea izaten dute, eta begira gelditzen dira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.