Bergarako Gaztetxeko Egubakoitzak Kartzelan kultura zikloa bueltan da beste behin, eta puntako gonbidatuak dakartza.
Bihar gauean, 22:00etan hasita, Bertxortan antzezlana izango da lehenik, umoretik asko izango duena. Hala aurkeztu dute: "Seriotasunari barre egiteko txanpinoi baratza. Lau pareten artean egiten eta pentsatzen duguna publiko egitearen atrebentzia".
Horren ostean, Iker Lauroba & Itsasargiak taldeak kontzertua emango du, Nire gotorlekutik izeneko lan berria aurkeztuz. Folk doinuak izango dira nagusi bertan. Emanaldi bietarako sarreraren prezioa: hiru euro.
Datozen hitzorduak
Beste hiru hitzordu ere izango dira Egubakoitzak Kartzelan zikloan. Hala, irailaren 22an Txabela Bragas antzezlana izango da, eta ondoren, Kokeinen kontzertua, akustikoan. 29an, berriz, Olatz Salvador bakarlaria eta Erraiak taldea. Eta, bukatzeko, urriaren 6an Jon Basaguren eta Jon Gurrutxaga eta Keu Agirretxea.