Berriketan edo Auzoko programan parte hartzeko aukera zabalik

Auzoko ekimenaren jaia Bergaran, 2014ko maiatzean.

Ikasturte berriarekin, Jardunek eta Udaleko euskara zerbitzuak martxan jarri gura dituzte Berriketan eta Auzoko egitasmoak. Bi ekimen horietan parte hartzeko edota informazioa eskuratzeko, euskara elkartera jo behar da, kultura etxera joanda edo 943 76 36 61 zein 605 71 24 69 telefono zenbakietara deituta.

Berriketan programa Udaleko euskara zerbitzuaren, udal euskaltegiaren eta Jardun euskara elkartearen ekimena da, 2006an sortutakoa. Helburua da euskara maila hobetu nahi dutenak edo euren inguruan euskaraz berba egiteko aukerarik ez dutenak euskaraz hitz egiten dutenekin elkartu eta horrela mintzatzea erraztea.

Praktikatu nahi dutenek euskaraz berba egiteko gutxieneko maila bat izan behar dute. Bestalde, laguntzaile izateko izena ematen duten euskaldunek ez dute irakasle papera hartu behar, nahikoa da-eta era naturalean eta pazientzia apur batekin euskaraz jardutea. Izena ematen dutenei libre dituzten ordu eta egunen berri galdetzen zaie eta koordinatzaileak hiru edo lau pertsonako taldeak antolatzen ditu eta astean ordubetez euskaraz berba egitea da helburua (kafea hartzen, paseatzen…). Eta dena diru trukerik gabe egiten da, doan. Kontuan izan behar da edozein adinetako pertsonak har dezakeela parte, adin aniztasun hori ere oso aberasgarria delako.

Auzoko egitasmoa, 2009an sortua

Bestalde, Auzoko izeneko programa euskara batere ez dakitenei zuzenduta dago; tartean beste herrialde batzuetatik etorri berriak eta beste batzuk urteetan Bergaran bizi arren, euskararekin oso harreman txikia dutenak. Egitasmo hori Jardunek jarri zuen martxan 2009an, Udaleko euskara zerbitzuaren laguntzarekin.

Programa horretan parte hartzeko ere ez da ezer ordaindu behar eta, printzipioz, astean behin talde txikitan elkartu eta euskara ikasteko lehen urratsak ematen dira. Horrez gain, astean behin elkartzeaz gain, nahi dutenak herrian izaten diren aisialdiko ekintza batzuetan ere parte hartzeko laguntza ere izango dute, integraziorako bideak erraztuz.

Egitasmo horretan euskara ez dakiten pertsonez gain, herritar euskaldun batzuk ere parte hartzen dute, laguntzaile modura. Hori dela eta, euskaldunak eta euskara ez dakitenak parte hartzera animatu nahi dituzte. Asteroko bileratan koordinatzaileak dinamika ludiko batzuk proposatzen ditu eta dinamika hauetaz baliatuz euskarara hurbildu eta ezagutzeko aukera eskaintzen da. Euskarri gisa, besteak beste, 20 hizkuntzatan prestatutako hiztegitxoak erabiltzen dira (http://www.hizkimizki.com/).

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.