Bidezidorretan barrena 'Palmerakuen' eskutik

Maite Txintxurreta 2017ko ira. 4a, 17:15

Mendi bizikleta taldeak bosgarrenez antolatu du MTB martxa, eta nobedade ugari izango ditu aurtengo edizioak. Esaterako, Trekutz inguruko parajeetatik igaroko dira txirrindulariak. Bi ibilbide ezberdinekin, txirrindulari guztiei egokitutako proba da.

Beste urte batez, Bergarako Palmerakuak mendi bizikleta taldeak martxa bat antolatu du irailaren 10erako Bergara inguruko mendi eta bidezidorretan zehar. Hain zuzen, Palmerakuak martxaren bostgarren edizioa izango da. Goizeko bederatzietan abiatuko dira txirrindulariak Agorrosin kirolgunetik.

Aurten, nobedade modura, kamisetak jasoko dituzte parte hartzaile guztiek. "Honetaz gain, parte hartzaileen artean, martxa eta gero, bizikleta munduarekin lotutako materiala zozketatuko dugu eta luntx eder bat ere izango da", zehaztu du Palmerakuak taldeko Ander Agirrek.

Martxaren ezaugarriak

Aurtengo edizioan, bi ibilbide izango dira. Bata luzea, 40 kilometro eta 1300 metroko desnibel positiboarekin, eta bestea laburra, 26 kilometro eta 900 metroko desnibel positiboarekin.

"Aurreko urtean ez bezala, Trekutz inguruko paraje eta bidezidor zoragarriak ezagutzeko aukera izango dute parte hartzaileek", azaldu du Agirrek. Hortaz, zailtasun aldetik, "denetariko aukera" izango ei da: "Alde batetik, aldapan gora eta behera trebeak direnentzako, bidezidor aproposak izango dira. Bestalde, gaztetxo zein hasi berrientzat ere, beraien mailako ibilbidea prestatu dugu". "Urtero ibilbide ezberdina izateak jendearen parte-hartzea sustatzen duela uste dugu", dio Agirrek.

Hala, antolaketa taldetik maila guztietako jendea animatu nahi izan dute martxan parte hartzera.

Izen ematea

Palmerakuak martxan parte hartu nahi dutenek irailaren 8ra arte daukate Kirolprobak webgunean izena emateko aukera. Horrez gain, baina, egunean bertan ere apuntatu daiteke, irteera puntuan. Aurrez izena emanez gero, federatuek 12 euro ordaindu behar dute, eta ez federatuek, berriz, 15. Egunean bertan izena emanda, inskripzioa 20 euro ordaindu behar da. Hala, antolatzaileek eskatu dute ahal den neurrian jendea aurrez apuntatu dadila, prestaketak erraztu ahal izateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak