goiena.eus

'V. Martxa Palmerakuak' irailaren 10ean izango da

  Kirola  Bergara

Bergarako Palmerakuak mbt taldeko kideek bosgarren aldiz antolatuko dute aurten mendi bizikleta martxa. Datorren domekan, irailaren 10ean egingo da, eta bi ibilbide izango ditu; bata luzea, 40 kilometroa, eta bestea motza, 26 kilometrokoa. Nobedade moduan ibilbidearen aldaketa nabarmendu behar da, aurtengoan Trekutz inguruko parajeak ezagutu ahalko dituzte parte-hartzaileek.

'V. Martxa Palmerakuak' irailaren 10ean izango da
Argazkia: Palmerakuak MBT | Ikusi handiago | Argazki originala

Irailaren 10ean, goizeko bederatzietan hasiko da Bergarako V. Martxa Palmerakuak Agorrosin kirolgunean. Parte-hartzaileek bi ibilbideren artean aukeratu ahalko dute; luzea, 40 kilometro eta 1300 metroko desnibel positiboarekin, eta laburra, 26 kilometro eta 900 metroko desnibel positiboarekin. Antolatzaileek Trekutz inguruan prestatu dute bidea; All-Mountain bezala definitu dute, ibilbidearen zati handi bat mendian izango baita. Zailtasun aldetik "denetariko aukera" izango dela jakinarazi dute Bergarako Palmerakuak mbt taldeko kideek: "Aldatz gora eta behera trebeak direnentzako, bidetxur aproposak izango dira. Bestalde, gaztetxo zein hasi berrientzat ere, beraien mailako ibilbidea prestatu da".

Izen-ematea

Aldez aurretik izena ematea gomendatzen dute antolatzaileek, horretarako irailaren 8a arte www.kirolprobak.com webgunera jo beharko da. Hala ere, egunean bertan izena emateko aukera ere egongo da. Izena aurrez emanez gero 12 euro ordaindu beharko dute federatuek (15 euro federatugabeek); mendi bizikleta martxaren egun berean berriz, 20 euro.
Honetaz gain, lasterketaren 5. urteurrena dela-eta, parte-hartzaile guztiei kamisetak oparituko zaizkie.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa