Hendrik Roverrek itxiko du aurtengo Berumuga

Hendrik Rover & Los Miticos GTs hirukotea igoko da gaur Espoloiko agertoki gainera. Argazkia: El Rey Lagarton.

Musika beltzaren zikloa itxiko dute gaur Hendrik Rover & Los Miticos GT's hirukotearen blues, rhythm & rock doinuek, Espoloian (22:00); bakarkako proiektuaz gain, 1990eko hamarkadako erreferente izan ziren Los Deltonos taldearekin jotzen jarraitzen du.

Berumuga musika beltzaren zikloa itxiko du gaur Hendrik Rover & Los Miticos GT's taldeak –Espoloian, 22:00etan hasita–. Proposamen oso gomendagarria da, Hendrik Rover oso gitarra jotzaile ezaguna delako blues, rhythm & rockaren munduan. Roverren ibilbide musikala ulertzeko ezin da Los Deltonos taldea ahaztu; 1990eko hamarkadaren hasieran iraultza handia eragin zuen Espainiako bluesaren ikuspegi geldian eta mimetikoan, eta egiazko erreferentzia dira ordutik.

Roverren estiloa zabaltzen joan da bere eraginen antzera eta folk, flatpicking, country eta honky tonk doinuak ere atzeman daitezke bere bakarkako ibilbidean. Hendrik Rover & Los Miticos GTs hirukote indartu eta bizia igoko da gaur Espoloiko agertokira, musikari zailduak eta bikain konbinatuak, eta sendotasunez eta segurtasun handiz interpretatzen dituzte Rover-en errepertorioa eta ondo aukeratutako bertsio eskaintza.

"Egiazko urakana"

Taldeko liderra telecaster Esquire batekin eta Fender Pro Junior txiki baina marmartiarekin armatuta doala eta Goyo Chiquitoren kontrabaxu bizkorrak zein Toño López Bañosen erritmo lan bikainak lagunduta, eszenatokian "egiazko urakana" dira Hendrik Rover & Los Míticos Gts. "Benetakoa", Udaleko Kultura Zerbitzuaren arabera. Sendotasun hautsezina erakusten ari da Hendrik Rover-en bakarkako ibilbidea. Zortzi disko argitaratu ditu zortzi urtetan eta, aldi berean, eutsi egin dio Los Deltonos bere talde nagusiaren jarduera geldiezinari, denboraldi berean atera dituen beste lau diskoekin argi erakusten du-eta seriotasun handiz hartzen duela bere lana.

Kale ikuskizunak abuztuan

Berumuga gaur bukatuko da baina horrek ez du esan nahi abuztuan ez denik kultura eskaintzarik egongo Bergaran. Abuztuaren 3an, Potxin eta Patxin pailazoen ikuskizuna izango da Fraiskozurin (20:00); abuztuaren 9an, Joseba B. Lenoir-ek gitarra jotzaile ezagunak joko du Fraiskozurin (22:00); abuztuaren 16an, musika eta dantza emanaldia izango da Iralan (20:00) Arantza eta Pantxo, Nika Bitchiashvili eta Jon Cañaberas musikariekin eta Roque eta Giselle dantzariekin; abuztuaren 23an, Zirkun Zirko taldearen Bidaiabizitzen ikuskizuna izango da Arrizuriagan (20:00); eta, bukatzeko, abuztuaren 30ean BraZZet MV Brass band taldeak joko du Labegaraietan (20:00).

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.