SVC eta Getokuak txapeldun Ipintzako udako futbol txapelketan

Eneko Azurmendi 2017ko uzt. 15a, 11:37
SVC taldea, txapelketa nagusiko irabazlea.

Penaltietan erabaki ziren atzoko bi finalak, bai beteranoen zazpiko futbolekoa, baita txapelketa nagusikoa ere. Lehenengoan Getokuak izan zen garaile, Poteo Izarrak taldeari irabazita. Bigarrenean, berriz, SVC taldeak Birgostas hartu zuen mendean.

Udako futbol txapelketako finalak jokatu ziren atzo, egubakoitza, Ipintza futbol zelaian. Bi partiduak oso estuak izan ziren, eta penaltietan erabaki behar izan ziren txapeldunak.

Lehenengo beteranoen kategoriako finala jokatu zen, Getokuak eta Poteo Izarrak taldeen artekoa. Partidu estu eta lehiatu baten ostean, hirunako berdinketarekin amaitu zen partidua, eta penaltietan Getokuak nagusitu zen. "Partidu hauek beti lehiatuak izaten dira. Zelaia estua da eta azkar iristen zara porteriara. Azkeneko momentuan sartu digute berdinketaren gola. Baina penaltietan gure atezaina ondo ibili da, eta irabaztea lortu dugu", adierazi du Ibai Gonzalezek, talde irabazleko jokalariak.

Jokalari onena Ibon Leibar Txinbo izan da eta goleatzaile nagusia, berriz, Josu Zubikarai Zubi.

Txapelketa nagusiko finalean, bestalde, SVC taldeak Birgostas menderatzea lortu zuen. Bi zati erabat ezberdin eduki zituen partiduak. Izan ere, lehenengoan SVC erabat nagusi izan zen berdegunean, eta bi goleko aldearekin joan ziren atsedenaldira (2-0). Hala ere, bigarrenean Birgostas suspertu egin zen eta markagailua berdintzea lortu zuen, joko ona erakutsiz. "Hasieratik partiduaren jabe egin gara eta lehenengo zatian gehiago izan gara. Bigarren zatian, aldiz, talde hobea atera dute eta gehiago estutu gaituzte aurrean. Gainera, gure jokalari batek min hartu du eta 10ekin aritu gara. Hala ere, berdinketari eustea lortu dugu, eta ondoren penaltietan zortea gure alde egon da", azaldu du Paul Valgañon SVC taldeko jokalariak.

Jokalari onenaren saria Lander Ugartek eraman du eta Markel Ilzarbe izan da goleatzaile nagusia.

Kopa txapelketari dagokionez, Ponpi taldea izan da irabazlea eta Beti Jai txapeldunordea.

Parte-hartze ona

Antolakuntzak modu positiboan baloratu du aurtengo txapelketa. "Oso ondo joan da. Nik uste talde dezente animatu direla –15-16 inguru– eta hori da helburua, ahalik eta kuadrila gehien animatzea. Txapelketa erakargarri bat antolatzea nahi izaten dugu eta lortu dugula uste dut. Zelaia bete egiten da, giro ona egoten da", dio Martxel Garai antolakuntzako kideak.

Garaik adierazi du, bestalde, pena dela emakumezkoen parte-hartzerik ez egon izana. "Aurten emakumeen parte-hartzea indartu nahi izan dugu. Normalean talde gutxik ematen dute izena eta hori aldatzea zen asmoa. Baina bi taldek bakarrik eman dute izena, eta ez du merezi. Espero dugu datorren urtean emakumezko gehiagok parte hartzea", azpimarratu du.

 

Erlazionatuak

Ipintzako sari banaketa

Eneko Azurmendi 2017 uzt 15 Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak