Enrique San Nicolas, Bergarako atletismoaren erreferente

Xabier Urtzelai 2017ko uzt. 12a, 11:54
2002ko irailaren 21ean egin zioten omenaldiko erretratua.

Uztailaren 8an zendu zen Manresan 1970 eta 1985 urte bitartean herriak izan zuen atleta nabarmenena. Ondoren, Bergaran atletismoa zabaltzeko egin zuen lan, herriko hainbat atletei horrenbeste maite zuen kirol jarduera erakusten.

Atleta bergararrek erreferente garbia izan zuten 70eko eta 80ko hamarkadetan. Enrique San Nicolas atleta ona izan zen, Espainiako txapelketa irabazi zuen salto hirukoitzean, baina atletismoarekin izandako hartu-emana ez zen arlo pertsonalean egindako kirol lorpenetara mugatu, herrian horrenbeste maite zuen kirol jarduera zabaltzen ahalegindu zen, eta eskura zituen baliabideak oso mugatuak baziren ere, Gipuzkoa mailan Bergara Kirol Elkartea nabarmentzeko lan egin zuen. 

Enrique San Nicolas, orduko BKEko presidente Juanjo San Migelen eskutik oroigarria jasotzen (2002).

Urrezko urteak Bergarako atletismoan

Hain zuzen, haiek izan ziren Bergarako atletismoaren urrezko urteak, ordukoak dira-eta mahoneroen kirol lorpen handienak. Sasoi hartan irabazi zuen Agustin Loidik disko jaurtiketan Espainiako Txapelketa, eta beste horrenbeste egin zuen Jose Luis Garmendiak pisu eta disko jaurtiketan. Jose Acedok 100 metro hesien lasterketan urrezko domina jantzi zuen Espainiako Txapelketan eta Valentin Gantxegik 1.500 metrotan.

Eta eurekin batera, San Nicolasen eskolakoak izan ziren Ismael Arrieta, Rafael Ogueta, Maiztegi, Jose Maria Rubio, Javier Acedo, Iñaki Badiola eta beste hainbat eta hainbat atleta bergarar. Eta, gizonezkoekin batera gauza bera esan daiteke emakumezkoen gainean ere, Pili Arin buru beste zenbait atleta entrenatu zituelako Enrique San Nicolasek. 

Eurekin guztiekin zabaldu zituen atletismoaren gainean zekizkien guztiak, eta Seat 600a gidatzen batera eta bestera eraman zituen atleta horiek, txapelketetan parte hartu zezaten. Goian bego. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak