Artzamendiko berdeguneari erabilera berria emango zaio

Bergarako Udala Artzamendiko berdegunean zer egin aztertzen ari da. Bada, herritarren iritzi eta proposamenak jasotzeko, bilera irekia egin zuen atzo arratsaldean.

Bergarako Artzamendi auzoaren berdegunea mintzagai izan zen atzo Irizar jauregian. Izan ere, Bergarako Udalak zonalde hori berrerabili nahi baitu. Aldiz, proiektuarekin hasi aurretik, auzotarren eta herritarren iritzi zein proposamenak jaso gura izan zituen atzoko bileran.

Proiektua garatzeko jarraitu beharreko pausoak hiru direla azpimarratu zuen udalak. Lehenik, bergararren proposamenak jaso; ondoren jasotako proposamenak kontuan izanik, paisajista batek planoen diseinua egin, eta azkenik diseinua eta aurrekontua zein den jakinda, proiektua zehazteko herritarrekin berriz ere bildu. Kasuan-kasuan,  proiektua garatzeko lur eremu horren kalifikazioa kontuan izan behar da uneoro; eta jarraitu beharreko baldintzak lau dira:

Lehena,  berdegune baten garatzeko moduko jarduerak planteatu behar direla, naturaz gozatzeko aukera ematen dutenak. Horrez gainera, berdegunearen mantenua neurtu behar da. Hirugarren baldintzak ingurumena hartzen du kontuan. Irizarrek azaldu zuenez, Artzamendiko berdeguneak oso balio berezia dauka; Gipuzkoan mehatxatuta dagoen landare batzuen populazio baitago bertan (hariztia eta gogortxua) eta, hura legez babestuta dago. Beraz, bertan gauzatuko den edozein proiektuk, lege hori errespetatu beharko du. Azkenik, laugarren baldintza lekua bera da, malda handiko lekua baita.

Bizilagunen proposamenak

Azalpenak eman ondoren, eta kontuan hartu beharreko baldintzak zeintzuk ziren jakinda, bergararrek euren proposamenak egiteko hiru talde osatu zituzten. Lehendabizi, egungo egoeraren gaineko hausnarketa egin zuten eta, ondoren, aurrera begira bertan gauzatuko luketen proiektua zein den azaldu zuten. Ateratako ideien artean: ibilbidea atontzea, umeendako jolas parke bat egitea, helduentzako gimnasioa bat sortzea, eskalada egiteko lekua prestatzea, ortuak landatzea, txoriendako behatokia egitea… izan ziren.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.