'Euskararen aztarnak Sardinian?' liburuaren aurkezpena

Itziar Larrañaga Sarasola 2017ko eka. 29a, 15:33
'Euskararen aztarnak Sardinian?' liburuaren azala

Juan Martin Elexpuru bergararraren Euskararen aztarnak Sardinian? liburua aurkeztuko da Donostian uztailaren 3an. Hiriburuko 42. Liburu eta Disko Azokan izango da Elexpuru, Liburutegi Nagusiko San Jeronimo aretoan, 19:30ean.

Uztailaren 1etik 16a bitartean 42. Liburu eta Disko Azoka egingo da Donostiako Gipuzkoa plazan. Bertan izango da Juan Martin Elexpuru idazlea, bere azken liburua aurkezten, Euskararen aztarnak Sardinian?. Aurkezpena datorren astelehenean, uztailaren 3an izango da, Liburutegi Nagusiko San Jeronimo aretoan 19:30ean, eta Elexpururekin batera Pamielako Jose Angel Irigaray egongo da.

Maiatzean argitaratu zen liburua, Pamiela editorearen eskutik; 368 orrialde eta 160 bat ilustrazio ditu.

Sinopsia: Euskararen aztarnak Sardinian?

Euskara eta Sardinia hitzak elkarren ondoan ikusteak harridura sortuko dio bati baino gehiagori. Euskara eta paleosardiniera (erromatarrek isla konkistatu baino lehen Sardinian egiten zen hizkuntza) senide hurbilak izan daitezkeela da liburu honetan jorratzen den hipotesia. Ez da kontu berria. Vittorio Bertoldi hizkuntzalariak hainbat bat-etortze ikusi zituen duela ia ehun urte euskararen eta islako erromantzearen artean. Gerora hainbat izan dira gai honetan begiak jarri dituzten ikerleak. Dena dela, hil berria zaigun Eduardo Blasco Ferrer hizkuntzalari katalanak ekarri zuen iraultza: urtetako ikerketen ondorioz, toponimiari garrantzi handia emanda, oinarri sendoak jarri zizkion aipaturiko hipotesiari. Liburu honetan sakondu eta zabaldu egiten da bide hori. Lehen parteak testuinguruan kokatu nahi du irakurlea. Bigarrenak, gorosti/golosti bezalako kointzidentzia lexikalak aztertu ondoren, toponimiari begiratzen dio, eta ia bost mila sarrerako korpus batean oinarrituta, islako geografian aurkitzen diren leku-izenak aztertzen ditu, etimologiari, dentsitateari eta abarri erreparatuz, harri eta zur utziko gaituzten mapez eta argazkiz lagunduta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak