"Inoiz ez da berandu kirola egiten hasteko"

Xabier Urtzelai 2017ko eka. 29a, 10:55
Erretratuan programa egin duten herritarrak, Udal ordezkari eta BPXporteko ordezkariekin batera.

Bergarako Udaleko Kirol Zerbitzuak eta BPXport enpresak abian jarritako 'Kirol Enbajadoreak' programak emandako fruituak aurkeztu dituzte aste barruan. Bertan parte hartu duten herritarrek hiru hilabetetan nabarmen hobetu dute egoera fisikoa.

"Inoiz ez da berandu kirola egiten hasteko", esanez amaitu zuen Iñaki Ugarteburu kirol teknikariak eguazteneko prentsaurrekoa. Aspaldiko esaldia da hori, baina orain datuak eskuan dituztela esan dezakete hori, Kirol Enbajadoreak programak emandako emaitzek horixe erakutsi dute-eta, inoiz ez dela berandu kirola egiten hasteko.

Aurretik sasoi onean zeuden zortzi boluntario

Adin nagusiko Bergarako zortzi boluntariok BPXport enpresak programatutako hiru hilabetetako entrenamendu planinga bete dute: "Hobera egingo zutela bai, baina ez genuen izugarrizko hobekuntzarik espero, lehen ere kirola egiten zutelako. Baina, martxoan egindako testak errepikatu ditugunean harrituta geratu gara, emaitzak oso deigarriak izan dira". Programan parte hartu duten zortzi lagunek hiru hilabetez astean hiru saio burutu dituzte: "Eta ekaineko testetan guztiek hobetu dituzte datuak, osasun egoera hobetuz". 

Junkal Zubizarreta, entrenatzailea:

"Indar entrenamendua landu dugu zortzi boluntario hauekin. Adinean aurrera egiten dugun neurrian indarra galtzen joaten gara, eta horrek dependentzia dakar; indarra berreskuratzea izan da helburua".

Pello Garitano, programa egin duen boluntarioa:

"78 urterekin eta lehen baino hobeto sentitzen naiz, emazteak esaten dit gaztetu egin naizela, erraz esaten da hori! Jendeari gomendatuko nioke kirola egiten hastea, egunerokoan igartzen da".

Nati Ugarte, programa egin duen boluntarioa:

"Zintan ibili gara, bizikleta estatikoan... Eta horrekin batera pisuarekin indarra landu dugu. Lehen ere mendian edo igeri asko ibilitakoak gara, baina orain hobekuntza handia igarri dut".

Iñaki Ugarte, programa egin duen boluntarioa:

"Lehenengo esfortzu proba egin genuen, eta hori garrantzitsua da jakiteko norbera zelan dagoen. Eta ondoren egin dugun lana oso aberasgarria izan da, ez dago ondo sentitzea modukorik".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak