Errefuxiatuen errealitatea herritarrei gerturatzeko ekintzak egingo dituzte Bergaran

Bihar, ekainak 20, Errefuxiatuen Nazioarteko Egunaren harira bi ekintza egingo dituzte: alde batetik, Ongi Etorri Errefuxiatuak delako erakusketa eta bisita gidatuak, egunero, San Martin plazan; eta, beste alde batetik, Nacido en Siria pelikularen emanaldia eta SOS Arrazakeriako kide Agustin Untzurrunzagaren berbaldia, Irizar jauregian.

SOS Arrazakeriako Debagoieneko koordinatzaile Nora Ugarteburu, SOS Arrazakeriako boluntario Aitziber Azkondo, eta udaleko zinegotzi Ander Alberdi eta Mari Carmen Barrenetxea egon dira aurkezpen ekitaldian.

EHU-ko ikasle boluntarioak izango dira erakusketako arduradunak. Hemezortzi paneletan, errefuxiatuen egungo egoera azaltzen da: argazkiak, datuak, hedabideetako albisteak... Bisita gidatuak ere egongo dira. "Ikasleak eurak izango dira azalpenak emango dituztenak, gaia hobeto ulertu eta errealitatea hurbilagotik ezagutu ahal izateko", esan du Nora Ugarteburuk. Erakusketa ikusgai egongo da San Martin plazan, hilaren 20tik 23ra.

Bestalde, Herman Zin argentinarraren pelikula, Nacido en Siria, eguenean, hilaren 22an emango dute, Irizarren, 19:00etan. Gerratik ihesi doazen zazpi haurren bidaia kontatzen du, haien begiradatik abiatuta. Ostean, SOS Arrazakeriako kide Agustin Untzurrunzagak berbaldia egingo du. "Bergarako eragile eta boluntario ezberdinen kolaborazioarekin antolatuko ekintzak dira. Bergararrak eta debagoiendarrak gonbidatu gura ditugu erakusketa eta pelikula ikustera", esan dute.

2016ko datuak

Era berean, agerraldia aprobetxatu dute, 2016ko datuak emateko. ACNUR agentziaren arabera, 2016an, 1.259.955 babes eskaera izan zituen Europar Batasunak. "Estatuek 98.000 babes eskaera onartzeko konpromisoa hartu zuten, baina, %5 bakarrik bete da konpromiso hori. Egoerak, beraz, ez du hobera egin, eta, gaiak hedabideetan eta biztanlerian presentzia galdu du. Errefuxiatuak eguneroko albiste izatetik, noizbehinkako artikulu izatera pasa dira. Horrek arrisku bat dauka: herritarren aldetik inplikazioa murriztea. Horren aurrean, sentsibilizazio kanpainak ipini bihar ditugu martxan", esan dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.