Amaitutzat eman du Bergarako Udalak Boluko lur-jausiaren emergentzia egoera

Boluko lur-jausiaren ondorioz etxera itzultzerik izan ez duten herritarrak bueltatzeko bi baldintzak gainditu direla-eta emergentzia egoera amaitu dela dio Udalak: "Sarea jartzea eta arriskuen jarraipen eta segurtasun plana izatea. Mendi maldari eusteko sarea ezarrita dago eta plana aspalditik dugu". Hala ere, bizilagun batzuk konponketa lan ezberdinak egin beharko dituzte euren etxeetara bizitzera bueltatzeko. Goiko trenbideko bidegorria ere zabalik dago jada.

Alkateak gaurko agerraldian azaldu duenez, bizilagunak etxeetara itzultzeko bi baldintza zeuden: "Sarea jartzea eta arriskuen jarraipen eta segurtasun plana izatea. Sarea dagoeneko ezarrita dago eta plana, aspalditik dugu eta jarraitzen dugu. Plan horren arabera, kontrol puntuak ezarri dira maldan eta eguraldiaren arabera, ura, erorketak, harriak… aztertzen dira eta momentuan analisia egiten da. Gainera, txostenean, beste hainbat ekintza ere jasotzen dira maldaren egonkortasuna bermatzeko. Azkenik, lur-jausia izan zen guneko hormigoizko hesia, lur mugimendua egon zen beste zatira mugitu da prebentzio neurri bezala".

Konponketa lanak etxean eta atarian

Agerraldi berean adierazi dute bizilagun kaltetuek, bost hilabeteren ondoren, euren etxera itzuli ahalko direla. Horretarako, baina, bizilagun batzuek zenbait konponketa lan –kalteak ezberdinak dira– egin beharko dituzte, etxe barruan zein atarian.

Bestalde, itxita zegoen bidegorriaren zatia ere irekitzea erabaki du Udalak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.