Txemi Etxebarria: "Ohorea da lehiaketako irekiera ekitaldia zuzentzea"

Jaiotzez arrasatearra da. Musikalki Bergaran egin zuen bidea, eta Belgikan egin du musika zuzendari karrera. Txemi Etxebarria da hura, eta uztailean egingo den Munduko Musika Lehiaketaren irekiera ekitaldia zuzentzeko ardura izango du.

Ezustekoa izan da jasotako proposamena?

Bai, handia. Oso pozik hartu dut gonbidapena, baina ezusteko galanta izan da. Bereziki, aurretik, maila handiko zuzendariek zuzendu dutelako. Besteak beste, Jan Cover herbeheretarrak. Ohore handia da.

Nolako ekitaldia egingo duzue?

Bi alditan egongo naiz zuzentzen. Lehenengoan, bi banda batera zuzenduko ditut. Horietako bat Philarmonie Zuidnederland orkestra profesionala izango da. 110 bat musikarirekin egin beharko dut lan. Errepertorioa bi zuzendariren artean banatuko dugu. Bigarren zatian, Herbehereetako beste orkestra bat zuzenduko dut.

Eta, pentsatu duzue egun horretarako errepertorioa?

Badira aste batzuk horrekin lanean gabiltzala. 110 musikari egonda, errepertorioa aukeratzea ez da erraza. Baina hiru obra izango dira.
Oraingoz, konplikatuena entseguak elkarrekin egitea da, musikari asko direlako.

Eta, lehen eguneko ekitaldiaren ostean, disfrutatzeko aukerarik izango duzu?

Uztailaren 6tik 30era izango da lehiaketa. Lehenengo egunean zuzentzea dagokit eta azken egunean, berriz, tronpa jotzea. Geroz eta gutxiago jotzen dut tronpa, baina orkestra bateko kide ere banaiz, eta lehiaketan parte hartuko dut. Iaz, bigarren geratu ginen.

Zeren parekoa da Munduko Musika Lehiaketa?

Europan egiten den garrantzitsuena da. Lurralde ezberdinetako musikariek parte hartuko dute. 260 bat musika bandak. 20.000tik gora musikarik. Hiru astean musikaz disfrutatzeko aukera ematen duen lehiaketa da. Musika bizirik dagoela erakusten duen topaketa.

Tronpa gutxi jotzen duzula diozu, baina Maastrichtera horretara joan zinen.

Hala da. Tronpa ikasketen masterra egitera etorri nintzen. Baina zuzendari izatearen harra sartu zitzaidan, eta horretara bideratu dut nire lana.

Etxera, Bergarara, itzultzeko asmorik?

Oporretan bai. Faltan igartzen ditut etxekoak. Bestelakoan, oraingoz, ez. Gustura nago Belgikan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.