Bergara Hiriko Txapelketaren barne, promes eta senior mailakoak izan ziren atzo lehian. Lehenengo partida, promes mailakoena izan zen eta bigarrena, senior mailakoa. Baina, bien tartean, Irribarria eta Rezustaren omenaldiari ekin zioten eta horrekin oso pozik agertu ziren bi pilotariak. "Oso maitatua sentitu izan naiz beti herri honetan; zorte handia izan dut Beñat bezalako txapeldun batekin jokatzeko eta herri honetan izan dudan harrera harrigarria da niretzat", esan zuen Irribarriak. Rezusta ere oso pozik azaldu zen eskainitako omenaldiarekin: "Honelako omenaldiak egin edo ez beti esan dut oso eskertuta nagoela bai txapelketan eta bai urtean zehar jendearen babesa igarri dudalako. Baina beno, mota honetako omenaldi batekin are gehiago".
Atzoko omenaldian pilotari gaztetxoek “pasilloa” egin zieten Rezusta eta Irribarriari. Udalak, oroigarri bezala, lore sorta bana oparitu zieten eta bertako pilotarien eskutik, binakako txapelketan ateratako argazki bat ere jaso zuten. Horrez guztiaz gainera, aurreskua ere dantzatu zieten eta azkenik, ume pilotari mordoxka batekin argazkia ere atera zuten.
Lagun arteko partida
Gaur arratsaldean Bergarako jaiak direla eta, lagun arteko pilota partida jokatuko da non, Irribarria eta Rezusta Altuna IIIa eta Zabaletaren kontra lehiatuko diren. Partida hori oso polita izango dela aitortu du Rezustak: " Gaurko partida polita izango da, zaila baita ere. Beste partidu bat Ikerrekin hainbeste hilabete berekin ibili eta gero, behintzat ezagutze aldetik ez da arazorik egongo. Aurkariekin ere kontra asko ibilitakoak gara bai aurten bai udako txapelketetan eta beno, jaietako partidua jolastea oso polita da. Maila altua eskaintzeko intentzioaz jokatuko dugu".