Esleitu dituzte UNED-Bergararen egoitza birmoldatzeko obrak

Ubane Madera 2017ko eka. 1a, 16:59
UNED-Bergararen eraikinaren aurrealdea.

"XVIII. mendeko eraikin esanguratsua eta hasiera-hasieratik bere egoitza izan den Errege Mintegiari, XXI. mendeko punta-puntako unibertsitate bati dagozkion azpiegiturak eta ekipamenduak eskaintzeko helburuarekin", Bergarako Errege Mintegiaren birmoldaketa lanak esleitu ditu UNED-Bergarak, 1.382.356 eurotan (BEZ barik), Goitu Eraikuntzak eta Aizkorpe Elektrikariak UTE enpresei.

Uda aurretik hasi eta 12 hilabetean bukatuko dituzte zaharberritze lanak, hain zuzen ere, 2018-2019 ikasturte hasierarako bukatzea aurreikusi dituzte; lan astunenak, gainera, uda partean egingo dituzte, egoitza itxita dagoenean. Eta orokorrean, hiru fasetan egingo dituzte obrak, "ikasleek jasotzen dituzten klaseak ez eragozteko", azaldu du Iñaki Esparzak, UNED Bergarako zuzendariak.

Hori horrela, lehen fasean, besteak beste, eskailera nagusia aldatu egingo dute eta forjaketa egingo dute. Bigarren fasean, eraikinaren barruko aldeko espazioen behin betiko konfigurazioa egokituko dute; eta hirugarren fasean, ekipamenduz hornituko dute eraikina.

5 milioi euro inguru

1.382.346 eurotan esleitu dituzte UNED-Bergararen birmoldaketa lanak. Kopuru horri beste 290.292 euro gehitu behar zaizkio, BEZarengatik. Eta ekipamenduak eta informazio eta komunikazio teknologikoen osaketa, berriz, Jaurlaritzarekin adostutako laguntza ekonomiko bati esker egingo dela jakinarazi dute.

Zifra potolo horiei beste batzuk gehitu behar zaizkie; orain arte egindako inbertsioak, alegia: 2008an eta 2015ean 2,575 milioi euro bideratu zituzten eraikina erosteko eta hainbat hobekuntza egiteko. 2016an, beste 1,1 milioi euro bideratu zituzten arrazoi berengatik. Eta orain, 1,3 milioi euroko inbertsioa egingo dute (BEZ barik) birmoldaketan.

Gutxi gorabehera, bada, 4,98 milioi euro inbertitu dituzte hainbat erakunderen artean, "bai UNEDeko komunitatearen prestakuntza beharrak eta baita ere bergararren eskari kulturalari erantzuteko", UNEDetik bidalitako oharraren arabera.

UNEDek Bergaran jarraitzea ahalbidetu

Azken obren esleipenarekin, Patronatua osatzen duten Gipuzkoako Foru Aldundiak, Kutxabankek, Bergarako Udalak eta UNEDek zuzendutako beste hiru "operazio estrategiko borobiltzen dira: egoitzaren titulartasuna bereganatzea; bergararren erabilpenerako antzinako elizan dagoen espazioan erabilera anitzetarako aretoa eratzeko obren exekuzioa eta, azkenik, Errege Mintegi barneko espazioen eraberritze integralerako obren esleipena".

Eta horri guztiari esker, UNED Bergaran jarraitzea ahalbidetzen dela azpimarratu dute, "espazio balioanizdun bat izateko bergararren eskaerari erantzuten" zaiola eta "UNEDi metodologia aldetik aitzindaria izan den unibertsitateari bere jabetzapeko eraikin,a guztiz eraberritua bai kanpoaldetik eta bai barnealdetik bermatzen" zaiola, eta horrek 3.000 ikasle, irakasle, tutorez… osatutako komunitateari "kalitatezko zerbitzua izateko oinarriak jartzen" dituela.  

Era berean, "Bergarako Errege Mintegiaren eraikinaren distira bermatu eta berreskuratzen da, historikoki Ilustrazioarekin, heziketarekin eta ezagutzarekin lotutako XVIII. mendeko eraikina, Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko egoitza bere gain hartu zuena", gaineratu dute.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak