Etxean irabazitakoa defendatzera, Mutrikura

Xabier Urtzelai 2017ko eka. 1a, 14:45
Erregional mailako taldea.

Bergarako bigarren taldeak igoera faseko itzuliko norgehiagoka jokatuko du zapatuan, Mutrikun. Joan den astean Agorrosinen lortutako 1-0ekoak abantaila ematen die mahoneroei. Klubak autobusa antolatu du jokalariek zaleen babesa izan dezaten

Aitor Elizburuk joan den astean Mutrikuren kontra egindako golak (1-0) balio galanta du itzuliko norgehiagokara begira (Zapatua, 16:30, Mutrikuko San Migel futbol zelaia). Mahoneroek igoera faseko finaleko lehenengo kolpea eman zuten etxean irabazita, baina kanporaketan oraindik edozer gerta daiteke, kostaldekoek ere txukun jardun zutelako Agorrosinen, eta orain etxean dutelako hitzordua. Horri aurre egiteko, Bergara KEko ordezkariek autobusa antolatu dute zaleak Mutrikura joan daitezen taldea animatzera: "Dei egiten diegu gure zaleei Mutrikura hurbil daitezen taldea animatzeko. Bigarren igoera bat posible da, denon artean lortuko dugu!", adierazi dute klubetik.

Bada, autobusa 15:30ean irtengo da Azokatik [eta ez Frontoitik hasiera batean iragarrita zegoen moduan, jaietan ez delako horretarako aukerarik] eta txartelak Depor tabernan eskuratu daitezke ostiralera arte. Kirol elkartearendako denboraldi amaiera ederra izango litzateke, Bergarak eskura duelako bi talde nagusiak aldi berean mailaz igotzea.

Mahonero egunerako dena gertu

Ekainaren 9tik 11ra bitartean egingo du Bergara KEak Mahonero Eguna, eta dagoeneko gertu dute egitaraua [Bazkarirako txartelak salgai daude Bule eta Depor tabernetan: nagusiek 20 euro, eta gazteek 15 euro]. Egubakoitzean, hilak 9, 19:30ean irekiko dute karpa eta gauean bertan parrillada, eta 22:30ean kontzertuak izango dira –Aitor Garitano eta Olatz Muruamendiaraz, eta Biks & The Pilots–. Zapatu goizerako haurrendako jolasak izango dira, eta zunba eta dantza ikastaroak. 13:00etan triki-poteoa egongo da, eta 14:30ean herri bazkaria, eta ondoren sari banaketa. Arratsaldean eta gau partean musikak hartuko du lekua. Eta, domekan (17:00) Emakumezkoen Euskadiko Kopako finalerdia egongo da ikusgai Agorrosinen: Reala-Aurrera Vitoria.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak