Alaine Egizabal izango da Alizia, Bergarako Musika Eskolaren musikalean

Itziar Larrañaga Sarasola 2017ko mai. 31a, 09:48
Alaine Egizabal. (Argazkia: Bergarako musika eskola)

Bergarako Musika Eskolak castinga antolatu zuen Alizia musikaleko protagonista aukeratzeko. Hogeita lau ikasle aurkeztu ziren, eta Alaine Egizabal izan da hautatua. Antolatzaileen hitzetan "benetan maila altua erakutsi zuten guztiek". "Bikain" aritu zirela esan dute, izan ere "probak ez ziren errazak izan" arduradunen ustetan.

Aliziaren pertsonaia antzeztuko du Alaine Egizabalek Bergarako Musika Eskolaren Alizia musikalean. 13 urte ditu Egizabalek, baina umetatik dago musika eta ikuskizunaren mundura lotuta. Sei urterekin Hasiberrien abesbatzan hasi zen kantuan. Ordutik hainbat espektakulu txikietan hartu du parte; Erlauntzaren Sekretua edota Benan begigorri munstroa. Antzerki eta dantza ikastaroak ere egin ditu, Aitziber Garmendia, Sara Cozar eta Irene Hernandorekin. Gaur egun, Flauta eta Hizkuntza Musikala ikasten du Musika Eskolan eta Gazte Banda eta Haurren abesbatzako kide ere ba da.

Luis Laskurain margolariaren dohaintza
Bergarako margolariak koadro bat oparitu die Bergarako Musika Eskolako kideei Alizia musikalari laguntzeko nahiarekin. Margolana zozketatu egingo dute musika eskolakoek, jada salgai dituzte zozketa-txartelak euro batean. Txartel hauen salmentari esker, "musikalaren lehen gastuei aurre" egin ahalko dietela adierazi dute musikaleko arduradunek. 

Luis Laskurain aspaldiko laguna dute Bergarako Musika Eskolakoek, izan ere, Peter Pan musikalerako ere beste koadro bat oparitu zien margolariak.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak