Prozedurak eragindako eztabaida gobernuaren eta oposizioaren artean

Maiatzeko osoko bilkurako une bat.

Osoko bilkura beroa eta eztabaidaz jositakoa izan zen atzokoa. Kreditu aldaketa batzuek –Udalak 800.000 euro gehiago izango ditu 2017ko aurrekontuan, proiektu ezberdinetarako– eta Mizpirualde egoitzako estatutuen aldaketek debatea eragin zuten gobernuaren eta oposizioaren artean; prozeduran eta lan metodologian ez datoz bat.

800.000 euroko gerakina dauka Bergarako Udalak, hau da, 2017ko udal aurrekontuan 800.000 euro gehiago izango ditu interbentzio ezberdinak egiteko. Gobernuaren proiektuen artean daude, besteak beste, Arrizuriaga jauregia, Boluko lur-jausiari begira obra bat egitea oraindik euren etxeetan sartzeke dauden auzotarrak lehenago etxera daitezen eta nekazal-auzoetan zenbait proiektu gauzatzea, adibidez, ur edangarria beste era batera hornitzea, hobi septikoak berritzea eta Interneta auzo horietara heltzea ahalbidetzea.

Mizpirualde Diputazioaren eskuetara laster

Mizpirualdeko Fundazioaren estatutuen aldaketa onartu zen atzo eta beraz, Gipuzkoako Diputazioako Gizarte Politikako Departamentu barruan dagoen Kabia organismoan sartuko da Mizpirualde, elgetarrei eta antzuolarrei ere zerbitzua ematen dien egoitza. Diputazioak ekainean bertan onartuko duen erabakiaren ostian, Kabia izango da Mizpirualdeko kudeaketaren arduraduna.

Gobernuaren salaketa pintaden inguruan

Azken egunotan herrian agertu diren pintadak salatu zituen gobernuak, alkatearen jakinarazpenen atalean. Gobernuak jokabide hori berriro ez errepikatzeko deia luzatu nahi du: "Gure ondarea zaindu eta garbi mantentzeko esfortzua egiten dugu eta honelako jokabideek ez dute laguntzen. Horregatik, herriko espazio publikoak errespetatzea eskatzen diegu bergararrei, ezinbesteko neurria baita elkarbizitzarako", esan zuen alkateak. Jakinarazpena izanik eta aldez aurretik informaziorik ez zutenez, EH Bilduk ez zuen pintada horien gaineko iritzirik agertu.

Arantzabalen eta Leteren lehen bilkura

Apirileko osoko bilkuran EH Bilduko Iosu Elorzak eta Lauri Askargortak dimisioa aurkeztu zuten, eta atzokoan haien ordezkoek zinegotzi moduan zin egin zuten, "legeak hala behartuta" formula erabilita. Aitor Arantzabal eta Ainhoa Lete bergararrak dira EH Bilduko zinegotzi berriak.

Debagoieneko albiste garrantzitsuak edo azken ordukoak telefonoan jaso gura dituzu?

  • Bidali ALTA 688 69 00 07 zenbakira Whatsapp bidez.
  • Batu zaitez Telegrameko @GoienaAlbisteak kanalera.