Gaztetxeko areto nagusia bete egin da 'Le temps des cerises' liburuaren aurkezpenean

Angiolillo Liburutegiak antolatuta, Angel Cardin Toraño idazlea bere liburuan jasotzen dituen kontakizunez aritu zen Kartzela Zaharrean. 1968tik 1970era bitartean Ferrolgo Caranzako espetxe militarrean bizi izandakoez mintzo da liburuan, eta atzoko aurkezpenean Jesus Mari Garitano Gari bergararrak ere hartu zuen parte, idazlearekin batera preso egondakoak.

Angel Cardin Toraño ekonomista jantzia da, ezkertiarra eta borrokalaria. Frankismo garaian, Ferrolgo espetxe militarrean preso izan zuten, beste gazte askorekin batera. Gazte horien artean  bergararra den Jesus Mari Garitano Gari egon zen eta liburuko zerbait pasartetan azaltzen da, baita berak eginiko marrazki bat ere. Horrez gain, Garitano izan da Le temps des cerises liburuaren azalaren egilea. Bada, aurkezpenak interesa sortu zuen, eta herritar ugari gerturatu zen protagonisten azalpenak bertatik bertara entzutera. 

Liburuan jasotzen dena ez da fikzioa, benetako bizipenak baizik, eta Ferrolgo kartzela hartan Francoren diktaduraren amaiera aldean bizi izandako gertaera latzak kontatzen ditu. Atzoko aurkezpenean, autoreak bizipen horien laburpen bat egin zuen, irudiez lagunduta.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.