Arrakastatsua izan da glutenik gabeko jaia Bergaran

Arratsaldean San Martin plazan adin guztietako jendea batu da bihar izango den zeliakoen nazioarteko egunaren aitzakiaz antolatutako festan.

Denetarik izan da Bergaran Euskadiko Zeliakoen Elkarteak lehenengoz antolatu duen Glutenik gabeko jaialdian. Bergarako Erraldoi Taldeak kalera atera ditu kilikiak, eta neska-mutikoak primeran ibili dira horiekin jolasean. Jarduneko aisialdi taldeko begiraleekin ere hainbat jolas egin dituzte, eguraldi ona aprobetxatuz.

Horrez gain, glutenik gabeko pintxo potea ere izan da plazan, baita musika ere. Ondorioz, giro polita sortu da, eta antolatzaileak ere pozik agertu dira deialdiak izandako erantzunarekin. "Jai hau lehenengoz egin dugunez, ez genekien zenbat jende hurbilduko zen, baina ikusi dugu herritar asko etorri direla, eta oso pozik gaude", adierazi du antolaketa taldeko Zihortza Marzanek.

Postre lehiaketa

Gaurko jaiaren bueltako ekintza nagusietako bat glutenik gabeko postreen lehiaketa izan da. 21 postre aurkeztu dituzte, 13 helduen kategorian eta 8 haurrenean. Bada, denetarik zegoen plateretan: tartak, bizkotxoak, gailetak...guztiak ere itxura bikaina zutenak.

Bergarako gozotegietako ordezkariek egin dute epaimahaikide lana, eta erabaki dute umeen kategorian Adei Ortigosak aurkeztu duen limoizko bizkotxoa izan dela onena.

Helduen kategorian, berriz, Aitor Sansiñenarena izan da postrerik gozoena adituen ustez. Hark ere bizkotxoa egin du, baina, kasu honetan, jogurtezkoa.

Irabazleek Magora Bakeryk eskainiktako oparia eta La Orientalek eskainitako 100 euroko bonua jaso dute sari gisa, hurrenez hurren. Horrez gain, zeliakoen elkarteko kideen artean Eki Lur-eko saskiak ere zozketatu dituzte, eta postre lehiaketan parte hartu duten guztiek ere oparia jaso dute.

Glutenik gabeko egunerokotasuna

Gaur egun gure inguruan glutenik hartu ezin duten pertsonen egunerokotasunaz galdetuta, Zihortza Marzanek azaldu du etxean normalean ez dutela aparteko arazorik izaten eskaintzari dagokionean, baina kostuari dagokionean, nabarmendu du glutenik gabeko produktuak besteak baino "askoz ere garestiagoak" direla, eta hala ere ez dutela inongo laguntzarik jasotzen. Hain zuzen, familia batean batez-beste 1.000 euroko gainkostua du glutenik gabeko produktuak erosi beharrak, Marzanek azaldu duenez.

Horrez gain, nabarmendu du kalera ateratzen direnean, taberna eta jatetxeetan produktu hauen eskaintza oraindik ere mugatua dela: "Segurtasunezko janik ez daukagu eskualde mailan". Horregatik, bertako ostalariak animatu nahi izan ditu glutenik hartu ezin dutenendako aukera segurua eskaintzera, eta azaldu du Euskadiko Zeliakoen Elkarteak badiharduela kontzientziazio hori zabaltzeko lanean.

"Guretzat oso garrantzitsua da glutenik gabeko dieta zorrotza eramatea; izan ere, behin gaizki jatearren, sei hilabete edo urtebete behar izaten da sendatzeko", azaldu du Zihortza Marzanek. Horrez gain, azpimarratu nahi izan du kaltea ez dela digestio arazoetara mugatzen; aldiz, zaindu ezean, azken arazoa minbizia izatera iritsi daiteke.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.