Datorren hilabete erdialdetik aurrera itzuliko dira Boluko bizilagunak etxera

Maite Txintxurreta 2017ko mai. 25a, 16:58

Urtarrilean izandako lur jausia izan zen eremuko segurtasuna indartzeko lanak hasi zituzten atzo, eta hemeretzi eguneko epean bukatzea aurreikusten dute. Luiziak sortutako kalteen ondorioz oraindik etxera itzuli ezinik dauden bost familia haien etxebizitzetara bueltatu ahal izango dira lanok bukatzean.

Oraingo lan hauek aurretik ezarri zituzten New Jersey izeneko euste hormak jartzearen neurria indartzeko balio izango dute. Hala, lur jausien eta lokatz-isurketen aurkako euskarri sare bat jarriko dute, inguruan egindako azterketa geologiko-geoteknikoen emaitzei jarraiki. Sare horrek 15 metroko luzera eta 4 metroko altuera dauka. Hasier Cueva geologoak azaldu du halako euskarriak Pirinio inguruan-eta erabiltzen direla, baina gure inguruan ez direla horren ezagunak. Segurtasuna bermatzeko balio izango duela azaldu du: "Erorketa gehiago egonez gero, eutsi egingo du, eta gero, eroritakoa kentzeko errazagoa izango da. Era berean, lursaileko beste puntuak babesteko neurriak ere ezarri dira".

Bada, 19 egunen buruan lan horiek bukatzea espero dute, eta horrek ahalbidetuko du oraindik Udalak lagatako behin-behineko etxebizitzetan dauden bost familiak euren etxeetara itzultzea. Horrez gain, azken hilabeteetan itxita mantendu duten goiko trenbideko pasealekuko zatia ere berrireki egingo dute, Elena Lete alkateak azaldu duenez.

Ingek SLP enpresak burutu ditu azterketa geologiko-geotekniko horiek, eta emaitzen arabera, lur jausia Murua Balzola Fundazioaren eta beste hamabi jabe dituen lur-eremu pribatuan sortu zen. Lander Arregi zinegotziak jakinarazi du txostena lurren jabeei helaraziko dietela, "bertan jartzen duenarekin bat al datozen jakiteko". Hala, lurrok Udalarenak ez direnez, "hurrengo pausoetan ardura ez da Udalarena, baina aurrera egiten lagunduko dugu", esan du Elena Lete alkateak.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak