Asier Garitano: "Guztiaren gainetik, Leganesek egindako lana saritu dute"

Mireia Bikuña 2017ko mai. 26a, 08:00

Asier Garitano bergararrak Lehen Mailako entrenatzaile onenaren Miguel Muñoz saria jaso du, Marca egunkariaren eskutik. Jose Luis Mendilibarrekin batera, ligako entrenatzaile onena izan da.

Marca egunkariko kazetariek emandako saria da. Ezustean harrapatu zaitu?

Egia esan, bai. Denboraldi osoko lana baloratzen ei dute, oro har. Partiduz partidu puntuak banatzen dizkigute entrenatzaileei eta sailkapen orokor bat egiten dute. Jose Luis Mendilibarrek beste puntu lortu ditut: 67. Biok partekatu dugu saria.

Hainbeste milioi mugitzen dituen kirolean, Mendilibar eta zu, sarituta. Oraindik umiltasuna baloratzen dela uste duzu?

Ez dakit zeintzuk diren kontuan hartu dituzten faktoreak. Nire kasuan, Leganesen egindako lana izan dela esango nuke. Lehen Mailan talde berria izanik, txukun ibili gara. Lan serioa eginez. 38 jardunaldietan ez gara jaitsiera postuetan egon. Dena den, lotsa apur bat ematen du hor egoteak.

Zergatik? Iaz Bigarren Mailako saria irabazi zenuen eta.

Zidane, Simeone, Sampaolli, Luis Enrique, Eusebio... Horiek guztiak atzetik utzi izana pozgarria da. Baina horrenbesteko lehiakortasuna dagoen txapelketa batean entrenatzaile onena izatea ez da erraza. Gauzak ondo egiten dihardugula esango nuke. Iaz, Bigarren Mailan, sari bera eman zidaten.

Oporretan zaude?

Oporretan, ez naizelako futbol zelaira entrenatzera joaten; baina lanean nago oraindik. Leganesen kirol hiria egiten dihardute, eta lanak gertutik jarraitu behar ditut. Aurrerapauso inportantea da guretzat. Hiru bat hilabete barru, azpiegitura ederra izango dugu. Bestalde, denboraldi berrirako jokalari bila gabiltza. Hamaika inguru beharko ditugu.

Eta nola doa jokalari taldea berritzeko prozesua?

Bagoaz, poliki-poliki. Ez da erraza izango guk gura ditugun jokalari guztiak fitxatzea, klub umila garelako. Baina ahaleginduko gara etorkizuneko proiektu bat garatzen. Jokalariak eta zaleak erakarriko dituen kluba egiten.

Noiz hasiko duzue denboraldi-aurrea?

Oraindik ez dakigu liga txapelketa noiz hasiko den. Iaz baino astebete lehenago hasi gura dutela diote. Hortaz, abuztuaren 12-13ko aste bukaeran hasten bada, gu uztailaren 3an hasiko ginateke lanean. Bestela, astebete geroago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak