Hiru monitorez lagunduta etorriko dira El Gallineroko neska-mutikoak. Mariaren Lagundiko Lanbide Heziketako gizarteratze ziklokoek eta haur hezkuntzakoek ere parte hartuko dute begirale moduan; guztira, ikastolako 40 lagun inguru ibiliko dira laguntzaile lanetan.
Bi urtetik behin etortzen dira El Gallineroko umeak Bergarara eta aurtengo leloa hauxe da: Gure etxea, zuen etxea. Astearen helburuetako bat da hango umeei bertako etxeetara etortzeko aukera ematea eta euren etxeetan sentitzea hemen. Baina hori ez da bakarrik El Gallineroko umeekin landu nahi dutena, Bergarako ikasleekin landu nahi dute baita ere euren etxea zaintzeak daukan garrantzia. Babesaren inportantzia ere azpimarratuko dute.
Ekintza askotako egitaraua dute prestatuta hurrengo asterako, eta berrikuntza nagusia da eguenean, ekainak 1, Bergarako ikasleen etxeetara bazkaltzera joango direla El Gallineroko umeak.
Etortzen diren hirugarren aldia izango da aurtengoa eta aurreko bi esperientzietan ikusita asko gustatzen zaiela hemengo ikasleekin geletan egotea, aurten inoiz baino denbora gehiago pasako dute geletan hemengo ikasleekin. Horrez gain, hainbat irteera ere egingo dituzte.
Herrira begirako ekintzak ere izango dira. Martitzenean, adibidez, Jon Maia bertsolariak hitzaldia egingo du gaztelaniaz; bi komunitate diferentetan bizitzeari buruz jardungo da eta bereziki euskaraz ez dakitenak gonbidatu nahi dituzte bertara. Eguenean, berriz, solasaldia egingo dute eta bertan hizlari lanetan izango dira Caritas, Hotz eta Senegaldarren elkarteko ordezkariak eta baita Gallineroko boluntarioak ere.