Joan den barikuan, maiatzaren 12an, txapelketa honen gaineko lehenengo bilera antolatu zuten. Honen helburua, informazioa helaraztea eta jokalarien zerrenda betetzen joatea zen. Bide batez, horretan, txapelketaren arauak zeintzuk diren ere azaldu zituzten: "Arauak joan den urteko berdinak dira; ez ditugu aldatu”, esan du txapelketaren antolatzailea Iker Etxebarrik.
Bilerara gutxi batzuk gerturatu ziren eta, horregatik, data zehaztu barik dagoen arren, aste honetan edo datorren astean beste bilera bat egingo dute. Bilera horretara joango diren pertsonen arabera hasiko dira taldeak antolatzen. "Izen ematea azkar badoa, txapelketa Pazkoa jaien aurreko asteburuan hasiko da; bestela, jaien osteko asteburuan", azpimarratu du Etxebarrik. Lehiaketa honetan, hiru txapelketa jokatzen dira: gizonezkoen futbol 11 –16 urte gorakoentzako bideratuta dagoena–, emakumezkoen futbol 8a baita ere –16 urtetik gorakoentzako–. Eta, azkenik, beterano 8 futbol txapelketa –30 urtetik gorakoentzako–.
Txapelketa honetan edozeinek parte hartu dezake, hots, izena ematen duenak ez du zertan bergararra izan. "Joan den urtean 14 gizon, 9 beterano eta 3 emakume parte hartu zuten; horregatik, jendea animatzen dugu txapelketa honetan parte hartzera, batez ere, neskak”, azpimarratu du antolatzaileak. Txapelketa uztailaren 14an amaituko da.