Lehenengo taldeak ez ditu etxerako lanak amaitu, mailaz igo badute ere bergararrek beste multzoko liderra izan den Añorgaren kontra jokatuko duelako erregional preferenteko finala: "Amateur mailan jokalari batek oso final gutxi jokatu ohi ditu, eta polita da halakoak jokatzea", adierazi du Manu Diazek. Norgehiagoka Zumaiako berdegunean izango da –Klubetik autobusa antolatu dute Zumaiara, 16:00etan, frontoian. Txartelak Depor tabernan, egubakoitz eguerdira arte– eta printzipioz ez da bergararrei gehien komeni zaien berdegunea: "Talde gaztea da Añorga, eta erasoan arriskutsuak dira. Batez ere etxean ibili dira ondo, ikusteko dago zein egokitzen den ondoen Zumaiako berdegunera".
Bigarren taldeak igoera du jokoan
Dagoeneko mailaz igo den Antzuolarekin batera Bergara ere igoera fasea jokatzen dabil –beste multzoan– eta mahoreoak bigarren postuagatik dabiltza borrokan. Sailkapenean Oiartzunekin daude berdinduta, eta bigarren sailkatzeko euren aurretik geratu behar dira. Horretarako, asteburuan oiartzuarrek baino puntu bat gehiago batu beharko dute. "Guk puntuak batu eta ikusi egin beharko dugu Oiartzunek zer egiten duen. Hori da mailaz igotzeko aukera zuzenena, baina hori ez lortuta ere, promozioa jokatu ahal izango dogu, horrenbestez, beste aukera bat izango genuke".