"Materiala ona da; behar bada Irribarriak aukeratutakoak indartsuagoak dira baina ez dago aitzakiarik", esan du Rezustak. Onartu du entrenamenduetan eta baita lehen partiduan ere zalantzak izan zituela, baina orain "gusturago" dabil gertatzeko ere denbora gehiago izan duelako. Finalerdira iritsi izana "handia" dela adierazi du, ez zuelako uste horraino iritsiko zenik. Eta domekan ahalegindu behintzat egingo dela Irribarria estutzen jakinarazi du.
Irribarria ere gustura agertu da aukeratutako pilotekin, eta finalerdira "sentsazio onekin" iritsi dela adierazi du. Partidua berezia izango dela onartu du, gainera, une asko pasatu dituztelako bi pilotariek Eskuz Binakako txapelketan. Era berean, aitortu du Rezustak buruz burukoan dituen gaitasunetan beti izan duela konfiantza, "pilotari handia" delako.