Neska futbolarien bilgune izango da domekan Agorrosingo zelaia

Bergara Kirol Elkarteak emakumezkoen futbola indartzeko kanpaina jarri du martxan, eta horren baitan, domeka honetan neska futbolarien topaketa egingo dute Agorrosinen. Herriko klubean ehun emakumezko futbolari baino gehiago izatea dute helburu.

"Gaur egun 96 emakumezkok dihardute gurean, eta ehun baino gehiago izatearen erronka jarri dugu. Egia esan, gaur egungo kopuruarekin oso pozik gaude, herri mailan neska gehien dituen kirol saila baita futbolekoa, eta horretaz oso harro gaude; baina hobetzen jarraitu nahi dugu, eta ahalik eta emakumezko gehien gerturatzea gurera, eurei kirola egiteko aukera eskaini eta emakumezkoen kirolaren arloan lanean jarraitzeko", adierazi du Iosu Elortzak, Bergara Kirol Elkarteko presidenteak.

Domekako topaketa edozein adinetako neska eta emakumeei zuzenduta dago, Bergarakoak zein inguruko herrietakoak. Goizeko hamarretan hasiko da, eta goiz osoan zehar hainbat jarduera egingo dituzte: jolasak, entrenamenduak, hitzaldi saioak... bukatzeko, luntxa ere izango da. Belar naturaleko zelaian egingo dituzte ekintzok. 

Klubeko emakumezko taldeetako entrenatzaileek eta emakumezkoen senior taldeko jokalariek gidatuko dute jardunaldia, eta gizonezkoen lehen taldeko zenbait jokalarik eta harrobiko beste entrenatzaile batzuek ere hartuko dute parte.

Mariñe Diaz eta Maider San Torcuato lehen taldeko jokalariak dira, eta azken hau neska infantilen entrenatzailea ere bada. Biek hamabi urte inguru zituztenetik dihardute futbolean, eta interesa izan dezaketen neska guztiak animatu nahi izan dituzte topaketara gerturatu daitezen. "Hasi nintzenean, ez nuen pentsatzen orain arte irabazi dudan guztia irabaziko nukeenik; ez diot futbol arloagatik, batez ere pertsonalagatik diot. Lagun asko egiten dira hemen, eta taldean lan egiten ikasten da. Niretzat oso aberasgarria izan da", dio Mariñe Diazek.

Ekitaldiaren aurkezpenean behin-behineko presidente Iosu Elorza, Garbiñe Elorza zuzendaritzako kidea, Enrike Nieto Futbol Eskolako zuzendaria eta Jose Ramon Beristain entrenatzailea izan ziren, futbolariekin batera. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.