Errauskailuaren aurkako elkarretaratzea egin dute Bergaran ere

Atzoko elkarretaratzea, San Martin plazan (argazkia: Bergarako EH Bildu).

Atzo arratsaldean San Martin plazan batu ziren hainbat herritar, Zubietako errauskailuaren eraikuntza lanak hastear direla salatzeko eta proiektu horrekiko euren desadostasuna erakusteko. Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak deitu zuen kontzentrazioa, eta EH Bildu eta Irabazi alderdiek bat egin zuten.

Zubietako errauskailuaren eraikuntza lanak "herritarren oniritzia izan gabe" hasiko dituztela salatu zuten deitzaileek atzoko elkarretaratzearen osteko irakurketan, eta inposiziotzat jo dute: "Udalak dira euren hondakinak norekin kudeatu nahi dituzten erabakitzeko konpetentzia daukatenak, baina kasu honetan kontsortzioak edo eta Foru Aldundiak, euren eskubideei izkin eginda, errauskailua inposatu nahi diete".

Era berean, salatu dute Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak birziklapenarekiko eta berrerabilpenarekiko "interes murritza" erakutsi duela: "2009rako Plan Integralak, konpostairako hiru planta zituen aurreikusita Gipuzkoan. Baina bakarrik Lapatxekoa, Azpeitian, dago martxan. Beste bietatik, bat martxan jarri gabe dago, nahiz eta eraikita egon, eta hirugarrena oraindik egin gabe dago. Hauek eginda egon ezkero, erraustegiaren beharraren argudioei bidea moztuko lieke, ez bai zen hondakin nahikoa egongo erretzeko".

Elkarretaratzean nabarmendu nahi izan zuten posible dela birziklapen tasa altuak lortzea, errefusa gutxituaz: "Gipuzkoako hainbat herrik erakutsi dute hondakinen gaikako bilketan portzentai oso altuak lortu ditzaketela, %80tik gora, bilketa-sistema eraginkorrak martxan jartzen baldin badira. Honek gipuzkoarrok erronka honi aurre egiteko gai garela erakusten du".

Hortaz, hondakinak erretzea euren ustez ez dela konponbidea argi laga nahi izan zuten, eta salatu zuten, gainera, "ekonomikoki oso garestia" dela, eta gipuzkoarrentzat zor handia suposatuko lukeela. Zubietako erraustegiak 427 miloi euroko aurrekontua du iragarrita eta 215.000 tona errefusa jasoko dituela urtero aurreikusten dute.

Arrazoi ekonomikoez gain, baina, osasunerako kaletak ere azpimarratu nahi izan zituzten: "Erraustegien inguruan, osasunarentzako oso arriskutsuak eta toxikoak diren hainbat elementu isurtzen dira. Haien artean, dioxinak, metal astunak, partikula mehe eta ultra-meheak, minbizia eta arnas-gaixotasunak sortzen dituztenak, eta negutegi-efektuko gas ezberdinak, aldaketa klimatikoa larriagotzen dutenak". Gaineratu zutenez, erreketa horrek eskoria eta errauts toxikoak isurtzen ditu, "segurtasuna bermatzen duten zabortegi berezietan tratatuak izan behar direnak". "Errausten diren hondakinen %30 baino gehiago zabortegi hauetara garraiatu behar da. Beraz, errauskailuak ez du zabortegien arazoa konpontzen", azaldu zuten.

Bukatzeko, erraustegiaren aurka daudela jakinarazi nahi izan zieten bereziki EAJri eta PSE-EEri, eta, era berean, elkartasuna erakutsi "egoera hau zuzenean jasaten ari diren inguruko herri guztiei", Donostiari, Lasarteri, Usurbili eta Zubietari batez ere.

Debagoieneko albiste garrantzitsuak edo azken ordukoak telefonoan jaso gura dituzu?

  • Bidali ALTA 688 69 00 07 zenbakira Whatsapp bidez.
  • Batu zaitez Telegrameko @GoienaAlbisteak kanalera.