Euskal Herriko Slalom txapelketa Oskar Sanchezentzat

Zortzi kirolari gerturatu ziren Bergarako frontoira gurpil-aulkian duten trebezia erakustera. Frogak hiru fase izan zituen, eta guztietan egindako deborak batu eta gero, Oskar Sanchez izan zen garaile nagusia. Aritz Bikuña bergararrak, 1A mailako domina eskuratzea lortu zuen. Zapatuko saioa, gainera, Espainiako txapelketarako puntuagarria izan zen.

Goiz iritsi ziren Euskal Herriko Slalom txapelketako zortzi lehiakideak Bergarako pilotalekura. Euren aurrean, oztopoz beteriko zirkuitu bat. Hala dirudien arren, oztopoak ez dira zoriz aukeratzen, "zirkuituko ateek adibidez igogailu baten neurriak dituzte. Lehiaketa honetako probak bizitza errealean topa daitezkeen elementuetatik hartzen dira", dio Agustin Toledo antolatzaileak.

Pilotaleku osoa hartzen zuen zirkuitu bihurriak, ez zituen lehiakideak izutu, eta banan-banan, denek pasa zituzten oztopo guztiak. Zortzi lehiakideen artean neska bakarra aritu zen. Ane Asensiok, aita alboan zuela, maila altua erakutsi zuen. Oiartzungo Haurtzaro Atletismo Taldeko kirolariak hiru domina lortu zituen.

Txapela Irunera

Hasieratik Oskar Sachezen maila agerikoa zen. Lehen zirkuitua ziztu bizian egin arren, irundarra ez zegoen guztiz pozik: "Zirkuituko kono bat botatzen dudan lehen aldia da" esan du. Hurrengo bi frogetan baina ez zuen hutsegiterik egin, eta azken slaloma irabazi ez arren, eguneko txapeldun nagusi izatea lortu zuen.

Aritz Bikuña sasoi onean

Lan ederra egin zuen Bikuñak herrikideen aurrean. Lehiatzen hasi aurretik "urduri" zegoela onartu arren, bergararrak nerbioak baretzen jakin, eta ohiko maila erakutsi zuen.

Frontoira iritsi bezain pronto agerikoa zen zapatukoa ez zela beste lehiaketa bat, txapelketa honek zerbait berezia zuen. Bikuña ez da egunero herrikideen aurrean lehiatzen, eta dominaren bat herrian lagatzeko asmoarekin irten zen lehiatzera. Hasierako hutsegite txikien ostean, entrenatzaileen gomendioei esker, baretu zen Bikuña, eta azken frogan bikain aritu zen. Horri esker lortu zuen bere mailako lehena izatea.

Ekitaldiaren amaieran, gustura zeuden antolatzaileak. Era berean, kirolarien gertukoek ere estimatu zuten bertara gerturatu ziren ikusleen jarrera eta txaloak.

Erlazionatuak

Euskal Herriko Slalom Txapelketa Bergaran

Bergara

Kirol Egokituko Euskal Federazioak Euskal Herriko Slalom Txapelketa antolatuko du Bergarako pilotalekuan. Frontoian jarri duten zirkuituan, gurpil-...