Ohorezko Erregional mailako taldea da Bergara

Jagoba Domingo 2017ko api. 29a, 20:37

Zalez bete da Agorrosin futbol zelaia etxekoek mailaz igotzeko beharrezkoa zuten garaipena lortzen laguntzeko; eta helburua aise lortu dute 5-0 irabaziz Getariakori. Mahoneroak indartsu eta intentsitate handiz zelairatu dira eta lehenengo minutuetako urduritasunak alde batera utzi eta  lehen zatian partidua erabakitzeko aukera asko izan dituzte. Iñigo Machok egin du 1-0ekoa eta minutu gutxira Markel Izarbek arratsaldeko bigarren gola egin du penaltiz.

Defentsan serio jokatu dute eta eskuin hegaletik min handia egin diote Getariakori hasieratik etxekoek. Defentsan ostutako baloi baten ostean egin du gola Machok; pase luzea maisuki kontrolatu ostean, atezaina menperatuz 13. minutuan. Eta jarraian bigarrenaren bila ekin diote bergararrak presioa eginez eta aurrean intentsitate handiaz jokatuz. Izarbek egin du 2-0koa penaltiz eta lehenengo zatia amaitu aurretik 10 jokalarirekin geratu da Getariako taldea. Aldagelara joan aurretik hainbat aukera izan dituzte hirugarrena egin eta norgehiagoka erabakitzeko baina ez dute ate aurrean asmatu.

Bigarren zatian ere etxekoen gol aukerak behin eta berriz heldu dira, hala ere 30. minutura arte ez dute Getariako taldearen atea zulatu. Izarbek mahoneroen hirugarren gola egin ostean beste biak jarraian etorri dira, eta beste horrenbeste egiteko aukerak izan dituzte. 4-0ekoa Iosu Diazek egin du kanpokoen defentsak bata bestearen ostean atzean utzita eta Agorrosingo ikusleak eserlekuetatik jaikiz. Partidua borobiltzeko gola Josu Herranek egin du berriz ere defentsak eta atezaina atzean utziz eta ordurako zoramena heldu da harmailetara. Oraindik ere bi jardunaldiren faltan egon arren beraz, Bergarak matematikoki igoera lortu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak