Monzon, Casablanca filmeko protagonistaren pare

Telesforo ez da Bogart antzezlana taularatuko du bihar, Zabalotegin, Lapurdiko Iduzkilore antzerki taldeak (20:00).

Atzo iluntzean, Joseba Tapiak eta Koldo Izagirrek Hari mehe eta tinko hura Telesforo Monzonen bizitzan oinarritutako ikuskizun musikatua eskaini zuten. Bada, bihar, zapatua, Xabier Mendigurenek idatzitako Telesforo ez da Bogart antzezlana ikusteko aukera izango da Zabalotegi aretoan (20:00); Udalak Jardunen eta Olaso Dorrea Fundazioaren laguntzarekin antolatu du. Sarrera 8 euro da.

Lapurdiko Iduzkilore antzerki taldeak taularatuko duen antzezlan horretan, Humphrey Bogart eta Ingrid Bergman Casablanca filmeko protagonisten pare jartzen dituzte Telesforo Monzon eta Maria Josefa Ganuza senar-emazteak.

Hala, pelikula hori oinarri hartuta, naziengandik ihesi Euskal Herritik alde egin behar izan zuten euskaldunen historia dakarte gogora, eta Monzon Marokora eraman zuen Alsina itsasontziaren historia. Umorerik ere ez da falta izango kontakizunean. Hamar aktorek hartzen dute parte antzezlanean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.