Apirilaren 23an izan zen liburuaren eguna, eta horren bueltako hainbat ekimen izan dira asteon herrian, Udal Liburutegiaren eskutik. Oraindik, baina, ez dira bukatu ekimenok. Gaur goizean ikasleen bisitak izango dituzte, eta arratsaldean, berriz, umeendako ipuin kontaketa.
San Martin Agirre Herri Eskolako, Mariaren Lagundiako eta Aranzadi Ikastolako Lehen Hezkuntzako lehen mailako ikasleek liburutegira bisita egingo dute gaur goizean. Bisita horretan, Maite Frankoren eskutik ipuin kontaketa ere izango dute.
Liburutegiko arduradun Mila Agirrezabalek dio urtero egiten dituzten bisita hauek "aukera polita" direla gainontzean liburutegi zerbitzura jotzeko ohiturarik ez dutenei ere zerbitzua ezagutarazteko.
Bestalde, arratsaldeko seietan, Maite Frankok berak beste ipuin kontaketa saio bat eskainiko du, irekia, kasu honetan, eta 3-6 urte bitarteko umeei zuzendua.
Balorazio positiboa
Orain arteko ekintzez "balorazio positiboa" egiten dutela dio Agirrezabalek. Esaterako, astelehenean Patxi Larrion idazle bergararrarekin Feriatzaileak liburuaren inguruko solasaldia egin zuten Irizarren, eta 40 pertsona inguru batu ziren. Bertan bakarrik ez; izan ere, martitzenean eta eguaztenean ere ipuin kontaketa saio bana izan zen, eta deialdiok ere "erantzun zabala" izan dutela nabarmendu du.
Liburuaren egunaren bueltakoa garai berezia izan ohi da liburutegian, baina gainontzean ere, Agirrezabalek uste du zerbitzuak baduela presentzia herrian, eta jendeak ezagutzen duela. Gainera, eskaintza gaurkotua izaten ahalegintzen dira, eta aldiro aldiro material berria ekartzen dute.
E-book biek badute jabea
Apirilean zehar Udal Liburutegian maileguren bat egin duten guztien e-liburu bat irabazteko zozketan parte hartzeko aukera izan dute. Aurten bi e-book zozketatu dituzte, eta dagoeneko biek daukate jabea: Angelita Agirrebeña eta Raul Tercero izan dira sariaren irabazleak.
Liburutegian azaldu dute hilabete honetan 80 pertsonatik gorak hartu dutela parte zozketa horretan.