Ander Gartzia: "Anbizioa eta lana dira gure ezaugarri nagusiak"

Mireia Bikuña 2017ko api. 28a, 10:15

Azpeitiko Iraurgi saskibaloi taldeak Urrezko LEB mailarako igoera lortu berri du. Defentsa onena izan duen taldea da, eta, arlo horretan, zeresan handia izan du Ander Gartzia bergararrak.

Balentria handia lortu duzue.

Ikaragarria izan da liga irabaztea eta igoera lortzea; eta, ikusgarria, zaleekin ospatu izana.

Egindako denboraldia are ikusgarriagoa da, hasieran, liga irabazteko hautagaien artean ez zeundetela kontuan hartuta.

Hala da. Saskibaloian tradizio handia duten talde oso indartsuak lehiatu dira gurekin. Hasierako helburua igoera fasea jokatzeko txartela lortzea zen. Ostean, gure lanak ipini gintuen lehen lekuan, eta anbizioak eraman gaitu liga irabaztera eta igoera lortzera.

Horiek dira taldearen ezaugarri nagusiak?

Bai. Astean zehar egindako lana oso zorrotza izan da. Bereziki, defentsako lana landu dugu. Txapelketako talde onena izan gara arlo horretan. Bestalde, partiduz partidu joateko anbizioa izan dugu, eta oso umilak izan gara denboraldian zehar.

Taldearen lana ikaragarria izan da. Zein izan da zure ekarpena?

Denboraldi honetan lana eta saskibaloia bateratu behar izan ditut, eta oso pozik nago. Une batzuetan gogorra izan da bi arloetan %100 ematea, baina ahaleginak merezi izan du. Era berean, gustura nago kirol arloari dagokionez. Minutu asko jokatu ditut. Ondo moldatu naiz Iker Bueno entrenatzailearekin. Ondo zehaztu genuen zein zen nire papera eta denboraldia ederra izan da.  

Ospakizunetarako egunak dituzue hauek, baina, laster, Urrezko LEB mailari begira jarri beharko dute arduradunek.

Diputazioan egon ginen eguaztenean, eta azpeitiarrekin eta zaleekin ere ospatu dugu. Baina egia da lan handia dagoela aurretik. Bulegoko lana, hain justu ere. Erakundeekin berba egin behar dugu Urrezko LEB mailan jokatzeko aukerak aztertzeko. Aldaketa handia izango da klubarendako eta aldekoak eta kontrakoak baloratu beharko dira.

Bulegoko lana egiten duten bitartean, zuek oporretan egongo zarete?

Bai. Hilabete eta erdi daukagu  oporretarako, saskibaloia alde batera utzi eta txipa aldatzeko. Zornotzaren igoera faseko partiduak ikusiko ditut eta Baskoniarenak ere bai. Frontenisean eta tenisean jokatu, bizikletan ibili, lagunekin egon... Horiek guztiak egingo ditut denboraldi-aurrea hasi arte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak