Go!azen telesaila arrakasta izugarria izaten ari da ume zein gaztetxoen artean, eta horren adibide izan da gaur Bergaran izandako antzezlanaren inguruan sortu den zoramena; izan ere, saltzen jarri zituztenean ,ordubete eskasean agortu ziren sarrera guztiak. Neska mutikoetariko asko bikain prestatuta joan dira frontoira, telesaileko kamiseta eta guzti soinean.
Basakabi udalekuan gertatzen da Go!azen antzezlaneko istorioa. Zuzen izeneko apaiza da bertako zuzendaria, eta udalekuan dauden gazteak berriz, Haizea eta Elene ahizpa bikiak, Markel, pertsonaia guztietan baldarrena, Gari, gaizto samarra eta Markel zirikatzea gustuko duena, eta Mikel, udalekuko langilea.
Bada, istorio honen oinarria maitasun istorio korapilatsu bat da; izan ere, ahizpa bikiak Mikelekin maiteminduko dira, baina biak ere elkarren antz handia dutenez, Mikelek nahastu egingo ditu, eta horrek aurrerago tirabira ugari sortuko ditu. Amodiozko istorioak aurrera egin bitartean, baina, Markelen eta Gariren bihurrikeriek umore ukitua jarri dio ikuskizunari.
Antzezlana bakarrik ez, musikala ere bazen gaurkoa, eta, beraz, abesti eta dantza ugari tartekatu dituzte, ikuslegoa kantuan eta dantzan jarriz. Besteak beste, Urtz taldearen Kaixo, The Uskisen Katuek bezala, Itoitzen Lau Teilatu, Gatiburen Zeu, zeu eta Euritan dantzan, Euskararen txantxangorria, eta, bukatzeko, nola ez, Go!azen telesaileko sintonia. Azken kantu honekin, ikusle guztiak zutitu eta ondo ikasitako koreografia dantzatu dute, abestia ozen kantatuta. Jarraian, txalo zaparrada batekin agurtu dituzte aktore guztiak.
Photocalla
Ikuskizuna bukatu ostean hasieran baino are urduriago zeuden ikusleetako asko eta asko; izan ere, photocallean protagonistekin argazkiak ateratzeko aukera izan dute. Bada, horretarako, ilara luzea sortu da pilotalekuko kanpoaldean, eta poliki-poliki neska mutiko guztiak sartzen joan dira, irribarrea ahoan, horrenbeste miresten dituzten pertsonaiekin argazkia ateratzera.