LABek kontratazio berriak eta inbertsioak eskatu ditu Arcelor Mittalen Euskal Herriko lantokietan

Txomin Madina Milikua 2017ko api. 22a, 10:21

Arcelor Mittalen Euskal Herriko lantegietako LABeko ordezkariak agerraldian.

Sindikatutik salatu dute 2007tik lanpostuen erdia galdu direla eta azken bost urtetan ia ez dela inbertsiorik egin. Eman dituzten datuen arabera, Bergarako lantegian, esaterako, hamar urtetan 350 langil izatetik 155 langile izatera pasatu dira.

Arcelor Mittalen Euskal Herriko lantokietako LABeko ordezkariek egindako agerraldian lantokien egoerarekin kezkatuta daudela adierazi dute. Salatu dute enplegu suntsiketa, langile falta, prekarietate handiagoa eta inbertsiorik eza direla, ñabardurak ñabardura,, multinazionalak Euskal Herrian dituen sei lantegien errealitatea, eta enpresaren aldetik ez dutela ikusten berauekiko ez apusturik, ezta konpromisorik ere.

Enpleguari dagokionez, 2007tik 1.758 lanpostu suntsitu direla azaldu dute, langileen erdia baino gehiago. Bergarako lantokiaren kasuan, hamar urtetan 350 langile izatetik 155 langile izatera pasatu dela eman dute jakitera.

Inbertsioetan, azken bost urtetan, Euskal Herriko lantokietan 4,6 milioi euro inbertitu direla esan dute LABeko ordezkariek, baina zehaztu dute sei lantokietatik bitan bakarrik egin direla inbertsioak, eta Olaberrian, Bergaran, Sestaon eta Legasa ez dela dirurik inbertitu. Gaineratu dute  Espainiako lantokietan ia 270 milioi euro inbertitu dituela enpresak, eta horrek argi uzten duela Arcelor Mittalek Euskal Herriko lantokiekiko mantentzen duen jarrera argindarraren prezioa eta altzairu txinatarraren krisia baino lehenagotik dagoela. Enpresak azkenean Italiako Ilva altzairutegia erosiko balu, gainera, euskal altzairutegien etorkizuna gehiago okertuko litzatekeela diote sindikatuko kideek.

Etorkizunerako proposamenak

Egoera horren aurrean, LABeko ordezkariek adierazi dute euskal lantokiak batzeko garaia dela Euskal Herrira inbertsioak ekartzea, enplegu berriak sortzea eta horiek kalitatezko enpleguak izatea defendatzeko.

Hori lortzeko hainbat proposamen egiten dituzte. Gainontzeko sindikatuekin elkarlanean aritzeko borondatea azaldu dute eta multinazionalari eskatu diote Euskal Herriko lantokien etorkizuna eta bideragarraitasuna bermatzeko, berauen aldeko apustua egin dezala. “Ez da zilegi euskal eta nafar erakundeei diru-laguntzak eskatzea enplegua suntsitzen eta lantokiak ixten dituen bitartean”, adierazi dute sindikatuko ordezkariek.

Erakundeei, bestalde, exijitu diote ez diezaiotela multinazionalari babes handiagoa eman langileei ahalegin handiagoa eskatzen zaien bitartean. Bereziki Eusko Jaurlaritzari inplikazio gehiago  eskatu diote, eta baita enpresari emandako diru-laguntza publikoak helburuak betetzeko erabiltzen direla ziurtatzeko.

Salatu dute gainera, Zumarragako lantokiren itxiera egun albiste ez denez, badirudiela Eusko Jaurlaritzarentzat altzairuaren arazoa desagertu egin dela, eta ez dela sindikatuekin biltzen. Zentzu horretan, altzairuarekiko zein politika industrial duen galdetzen diote Jaurlaritzari. “Alor horretan ziur gaude orain arte Eusko Jaurlaritzak egin duena baino askoz gehiago egin dezakeela. Ez diogu antzematen Jaurlaritzari altzairua babestu eta bultzatu beharreko sektore estrategikoa denik”, esan dute LAB sindikatuko ordezkariek.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak