Artisauak, janari postuak, herri bazkaria, animaliak, eguzkia... ondo ibiltzeko osagai guztiak izan ditu aurtengo Erramu Zapatuak. Eta jendea ibili da kalean. Asko niki urdina soinean dutela, Leire Martinen alde IGAMek atera dituenak. Txorimalo lehiaketako lelo onena Osintxuko neska-mutikoena izan da: 'Hitz eta pitz, euskaraz hitz egin'
Eguerdian jende asko zebilen Erramu Zapatura etorri diren postuak ikusten. Batzuk animaliei begira, Jardunek antolatutako txorimalo lehiaketara 80 gaztetxok aurkeztu dituzten panpinak ikusten, ogia erosten beste batzuk, patea eta gazta probatzen ere bai hainbat eta pilotak eskuz nola egiten diren ikusten ere bai bakarren bat baino gehiago, adibidez.
IGAM taldekoak ere jarri dute postu bat kamisetak saltzeko, Leire Martin bergararraren alde. Hunkituta zegoen aita, Jabier: "1.200 atera ditugu eta denak saldu dira. Taila handienak gelditzen dira bakarrik. Gehiago eskatu ditugu. Ikaragarria da hau".
Jardunen txorimalo lehiaketan, berriz, 80 bat gaztetxok hartu dute parte. Azokara eraman dituzte panpinak eta hantxe egongo dira ikusgai.