'Go!azen', modako antzezlana gurean

Apirilaren 23an ETB1eko telesail famatuaren taula gaineko bertsioa izango da ikusgai Udal Pilotalekuan. Jada ez dago sarrerarik, guztiak ordubetean agortu baitziren; izan ere, gazte batzuek sinadura bilketa bat egin zuten antzezlana herrira ekartzeko.

Gaztetxoen artean azkenaldian izugarrizko arrakasta izaten ari den Go!azen antzerki musikala Bergarara ere iritsiko da apirilaren 23an, domeka, Glu Glu ekoizpen etxearen eskutik. Ikuskizun hori Udal Pilotalekuan egingo dute, arratsaldeko seietan hasita.

ETB1 telebista kateko Go!azen 3.0 izeneko telesaileko protagonistak eurak izango dira Udal Pilotalekuko antzezlan horretan parte hartuko dutenak. Ondorengoak dira aktore horiek: Paula eta Aitana Etxeberria ahizpak, Markel Gajate, Asier Burguete, Aritz Mendiola eta Ramon Agirre.

Sinadura bilketa

Antzezlan hau Bergarara ekartzearen arrazoia herriko hainbat gaztetxok horretarako sinadura bilketa bat abiatu izana da. Sinadurok udaletxean aurkeztu zituzten, eta "eskariari jarraiki", Bergarako Udala emanaldia herrira ekartzeko tramite lanetan hasi zen.

Izan ere, benetako fenomenoa izaten ari da Go!azen, ume eta gaztetxoen artean bereziki. Duela, zenbait urte hasi ziren telesaila ematen ETB1en, beste protagonista batzuekin orduko hartan, eta ikasturte honetan berreskuratu dute, harrera oso ona izan duelarik.

Orain, telesailaren denboraldia bukatu egin da, baina saio berarekin lotutako Bagoaz! izeneko kantu lehiaketa daukate martxan.

Sarrera guztiak agortuta

Ikuskizunerako dagoeneko ez da sarrerarik geratzen. Martxoaren 22an jarri zituzten salgai sarrera horiek Kutxabank-en webgunean, 18:00etan, bakoitza zortzi eurotan, eta ordubete eskasean agortu ziren guztiak. Udaletik adierazi dute ez dutela beste emanaldirik aurreikusi oraingoz.

830 sarrera saldu dituzte guztira. Udal Pilotalekuan Gabonetako zein Aratusteetako kontzertuak egiten direnean 885 sarrera inguru saldu ohi dituzte, eta Aratusteetako pailazoen ikuskizunean, berriz, 950 inguru. Oraingoan apur bat txikiagoa izango da ikusle kopurua; izan ere, Udaletik azaldu dutenez, konpainiakoak eurak eskatu dute hala izatea, agertokiaren ezaugarriengatik zenbait kokalekutatik ezin baita ondo ikusi.

Istorioaren nondik norakoak

Basakabi izeneko aterpetxeko udalekuetan kokatzen da Go!azen antzerki musikaleko istorioa, eta bertan dauden gaztetxoen maitasun istorio, abentura eta bizipenak kontatzen dituzte: "Iritsi da uda eta Basakabik zabaldu ditu ateak. Gazteak ilusioz beterik datoz; abesteko, dantzan egiteko eta ondo pasatzeko prest. Baina Zuzenek ez dizkie gauzak erraz jarriko bere arau eta debekuekin. Hala ere, Elene (Aitana Etxeberria) eta Haizea (Paula Etxeberria) bikiak maitemindu egingo zaizkigu; arazoa da mutil bera gustatzen zaiela biei, Mikel (Markel Gajate), udalekuko langilea. Mikeli Haizea gustatuko zaio hasieratik, baina gero Elenerekin geratuko da, eta hortxe hasiko da nahaste-borrastea".


ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.