Taldearen salbazioa ziurtatzeko azken aukera

Eskubaloiko Soraluce BKEk denboraldiko azken partidua jokatuko du aurkari zuzena den Ormaiztegiren kontra. Domekan erabakiko dute zeinek ziurtatuko duen salbazioa eta zein geratuko den jaitsiera postua izan daitekeen hamargarren lekuan.

Domekan jokatuko dute Soraluce BKE eskubaloi talde nagusikoek denboraldiko azken norgehiagoka. Azken unera arte izango da emozioa, izan ere, hil ala biziko hitzordua izango da Ormaiztegiren aurka jokatuko dutena (domekan, 11:30ean Labegaraietan).

Jaitsiera postua izan daitekeen 10. postuan daude ormaiztegiarrak, eta bergararrak, berriz, bederatzigarren dira. Bi puntuko aldea dago talde bien artean. Izatez, bi talde jaisten dira, baina hori aldatu egin daiteke goiko eta beheko mailetako mugimenduen arabera (Gipuzkoako Lurraldeko lehen mailan daude gaur egun). Hala, okerrenean lau talde jaitsiko lirateke, hau da, hamargarren postuan egongo litzateke muga. Berdinketarekin ere maila ziurtatuko lukete, baina Edu Orgaz entrenatzaileak argi dauka "derrigor" irabaztera aterako direla. Taulan euren aurretik dagoen Eibarko Haritzak galduz gero eta eurek irabazi, gainera, zortzigarren postuan ere bukatu dezakete denboraldia bergararrek.

Azkenengo jardunaldian mahoneroek ezin izan zuten Ordizia liderra garaitu, eta 30-24 galdu zuten. "Oso urduri geunden, eta akats larregi egin genituen", azaldu du entrenatzaileak. Zorionez, Ormaiztegik ere galdu egin zuen Legazpiren aurka.

Gakoa, defentsa lanean

Edu Orgazek "partidu gogorra" espero du domekan. Izan ere, joanekoan azken uneko penalti bati esker irabazi zuten mahoneroek, gol bakarreko aldearekin.

Irabazteko gakoa defentsa lana ondo egitean egongo da, entrenatzailearen ustez: "serio mantendu behar gara, ondo ordenatuta eta kontraerasoak aprobetxatzen ahaleginduz". Azkenengoz, defentsan fin ibili ziren, kontraerasoak sortuz, baina ate aurrean asmatzea falta izan zitzaien. Hortaz, "beldurra galdu" beharko dute jokaldi horiei etekina ateratzeko, Orgazen ustez.

Labegaraieta betetzeko deia

Taldearen azken partidua eta "azken urteotako garrantzitsuena" izanik,  zuzendaritzatik zaleei dei egin diete taldea animatzera gerturatu daitezen: "Zergatik ez bete kiroldegia igandean?".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.