Goiena telebistako Galdegazte saioan Mariaren Lagundiko ikasleek eta Jokin Bereziartua aurkezleak Realeko jokalari Nahikari Garcia elkarrizketatu dute. Garciak Euskal Selekzioarekin ere jokatzen du, eta 20 urtez azpiko Espainiako futbol selekzioko kapitaina ere bada. Saio horren emisioa apirilaren 12an izango da, eguaztena, 21:30ean.
Sara Balentziaga, Amaia Alonso eta Iker Ortiz izan ziren elkarrizketatzaileak. Kirol munduko hastapenez berbetan hasi zuten elkarrizketa, Realaren deiaz, debutaz... Baita bere etorkizunaz ere. Futbolariak medikuntzako gradua ikasten dihardu, eta horren harira, futbola eta ikasketak nola uztartzen dituen azaldu zuen platoan.
Gaur egun emakumezkoen eta gizonezkoen futbolaren artean dagoen desberdintasunaz ere jardun zuen txuri-urdinak. Adierazi zuen "egoera parekide baten egoteko bide luzea badago ere", emakumezkoen futbola "pixkanaka gorantza" doala".
Jokin Bereziartua aurkezlea ere pozik dago elkarrizketak emandakoarekin: "Saioa oso ondo joan da, Garcia ere oso gustura egon da eta 20 urte izan arren, sekulako heldutasuna erakutsi du. Ezin dugu ahaztu goi mailako futbol jokalaria dela".
Aurrelari fina
Nahikari Garciak 20 urte bete berri ditu martxoan. Oso gaztetan egin zuen debuta Realarekin, 16 urterekin, zehazki. Urnietarrak aurrelari postuan jokatzen du, eta sekulako denboraldia egiten ari da. Realaren azken partiduan, 90. eta 92. minutuetan bi gol sartu zituen, eta horri esker garaipena ekarri zuten txuri-urdinek Huelvatik.