Korrikari eta Itzuliari begira, badator Erramu Zapatua

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko api. 7a, 08:00
Abelburu ederrak ikusteko aukera izango da aurten ere.

Urteko feria berezienarekin batera, Korrika (00:22) eta Euskal Herriko Itzulia (13:30-17:30) pasatuko dira bihar Bergaratik; azokan 183 postu egongo dira aurten eta Udal Pilotalekuan egingo den herri bazkarian 450 lagun inguru elkartuko dira.

Aste bukaera ezin beteagoa izango da honako hau bergararrendako. Korrikaren etorrera girotzeko Korrika Txikiak herriko kaleak zeharkatuko ditu gaur arratsaldean ikastetxe guztien parte hartzearekin, eta zapatuan 00:22an Korrika helduko da Bergarara. Biharkoa urteko egun handietako bat izango da bergararrendako, Erramu Zapatua delako, eta hori guztia gutxi balitz, bihar arratsaldean pasatuko da Bergaratik Euskal Herriko Txirrindularitza Itzulia.

Erramu Zapatuko ferian 183 postu izango dira aurten; Muniben eta San Martin plazan artisauak izango dira, Fraiskozurin eta Simon Arrieta plazan elikagaiak eta Seminarioko atarian, berriz, bestelako postuak. Abelburuak, hegaztiak, artisauen postuak edota makinaria ere egongo dira ikusgai. "Bergararrak eta kanpotik etorriko direnak jai eguna ondo pasatzera animatzen ditugu, beti ere errespetuan, parekidetasunean eta bizikidetzan oinarrituta", adierazi du Elena Lete alkateak.

Ospakizunak eragin zuzena izango du zirkulazioan; Ibargarai, Fraiskozuri eta Bideberri itxita egongo dira zapatu goizean. Beraz, trafiko guztia saihesbidetik desbideratuko da. Ibargarai kaleko 4. zenbakitik aurrera ibilgailuz libre egon beharko da zapatuko 06:00etarako, bertan jarriko da-eta ganadua. Fraiskozuri kaleko alde biak itxita daude dagoeneko, eta erdialdean aparkaleku asko kenduko direnez, bihar Ipintza institutuko eta San Martin Agirre eskolako jolas tokiak irekiko dira aparkaleku moduan erabiltzeko. Horregatik, Udalak eskatu die garajea duten herritarrei autoa garaje barruan uzteko eta herritarrei, "ahal den neurrian", erdigunera oinez joateko.

400 txartel ordu erdian

Udal Pilotalekuko herri bazkarian 450 bat lagun elkartuko dira. 400 sarrera jarri zituzten salgai –gainerakoak bestelako konpromisoetarako gordetzen dira– martxoaren 30ean eta guztiak saldu ziren ordu erdian. Aurten ere Txapa Irratiak antolatu du; herrian erositako produktuekin osatuko dute menua: hasierakoak, oilasko errea patatekin, Bergarako pastelak eta bidezko merkataritzan oinarritutako kafea. "Azken urteetako antolatzaileek erreleboa eskatu zuten eta erabaki genuen erronkari eustea; iazkoa, lehena izateko, oso ondo joan zen. Lan asko egin genuen, baina merezi izan zuen", dio Txapa Irratiko Andoni Larrañagak.

Bazkariaz gain, gauerako kontzertuak antolatu dituzte Kartzela Zaharrean, doan: Iñigo Cabezafuego, What a Band eta  Esne Beltza taldean ezaguna egin den Zigor DZ izango dira musikari gonbidatuak.

Euskal Herriko Itzulia ere bai

Bihar arratsaldean pasatuko da proba Bergaratik. Antolatzaileek Bergaratik Elgetarako GI-2632 errepidea eta Bergaratik Maltzagarako errepideak moztuta izango dituzte 13:00etatik 17:30era.

Ahalik eta eragozpen gutxien eragiteko honako neurri hauek hartuko dira: San Juan auzoko bizilagunendako eta Tartufo jatetxeko bezeroendako urbanoa jarriko dute; Mekolaldeko eta Osintxuko auzotarrendako trenbide zaharreko bidegorritik autoarekin joatea ahalbidetuko zaie eta Uberakoendako herribusa jarriko da 09:00etan herrira jaisteko eta 18:00etan Uberara itzultzeko. 13:30ean hasita, eta ordu erdiro, Ernaitik San Juanera autobus zerbitzua eskainiko dute Itzuliko antolatzaileek.

Egitaraua:

09:00 Feriaren irekiera: abelburuen erakusketa, hegaztiak, makinaria, Eusko Label produktuak eta artisautza postuak.
11:00 Bergarako Musika Eskolako trikitilariekin, txistulariekin eta dantzariekin kalejira. Ondoren, emanaldiak San Martin plazan, Simon Arrieta plazan eta Seminarioko patioan.
11:00 Baserriko oilasko pintxoen dastatzea San Martin plazan.
11:30 XXVIII. Txorimalo Lehiaketa. Erakusketa jarriko dute Ibargarai kalean; 13:00etan sari banaketa egingo da Ibargarai kalean.
11:30 Aurtitzko joaldunak kaleetan zehar.
12:00 Bergarako trikitilarien emanaldia Ibargarai kalean.
14:00 Herri bazkaria Udal Pilotalekuan. 450 bat lagun espero dira; 400 txartel saldu ziren ordu erdian.
17:30 Gaztetxoendako zezentxoak Seminarioko patioan.
Arratsaldean, Kale animazioa txarangarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak