Dena gertu Erramu Zapaturako

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko api. 3a, 16:09
Jende askok eman zuen bueltatxoa iaz Erramu Zapatuko feriatik.

Egun handia izango da zapatukoa Bergaran, badator-eta Erramu Zapatua. 09:00etan abiatuko da feria eta 183 postu izango ditu aurten herriko gune ezberdinetan banatuta. Muniben eta plazan artisauak izango dira, Fraiskozurin eta Simon Arrietan elikagaiak eta Seminarioko atarian, berriz, bestelako postuak.

Postu horiez guztiez gain, abelburuak, hegaztiak, artisauen postuak edota makinaria ere egongo dira ikusgai. Gainera, kaleko giroa berotzeko joaldunen eta trikitilarien kalejira, XXIII. Txorimalo lehiaketa Ibargarai kalean, Herri Bazkaria Udal pilotalekuan –martxoaren 30ean jarri ziren salgai eta txartel guztiak salduta daude dagoeneko–, arratsaldeko gaztetxoentzat zezentxoak eta kale animazioa txarangarekin ere izango dira. "Bergararrak eta kanpotik etorriko direnak jai eguna ondo pasatzera animatzen ditugu, beti ere errespetuan, parekidetasunean eta bizikidetzan oinarrituta", adierazi du Elena Lete alkateak.

Aldaketak zirkulazioan

Logikoa denez, Erramu Zapatuko ospakizunak zuzenean eragingo du trafikoan.

  • Ibargarai kalea 4 zenbakitik aurrera kotxez libre egon beharko da zapatuko 06:00etarako. Bertan ganadua jarriko da.
  • Fraiskozuri kaleko alde biak libre egon beharko dira apirilaren 7an, egubakoitza, 07:30erako. Bertan postuak jarriko dira.
  • Erdialdean aparkaleku asko kenduko direnez, zapatuan Ipintza institutuko eta San Martin Agirre ikastolako jolas tokiak zabalik utziko dira aparkaleku moduan erabiltzeko.
  • Ibargarai, Fraiskozuri eta Bideberri trafikoari itxita egongo dira goizean zehar. Beraz, trafiko guztia bariantetik desbideratuko da.

Hori guztia aintzat hartuta, Udalak eskatu die garajea duten herritarrei autoa garaje barruan uzteko eta herritarrei, "ahal den neurrian", erdigunera oinez joateko. "Azkenik, gogoratu feria egunetan azken urte hauetan karteristak azaldu direla, eta herritarrei tentuz eta arretaz ibiltzea gomendatzen diegu", gaineratu dute.

Zapatu aurretik, gainera, Irumendi elkartearen 50. urteurrena ospatzeko hitzaldia izango da UNEDen: Irumendi elkartea: Gorlako larretik kalitatezko okela sortzen 50 urtean.

Jarraian, egitarau osoa:

Euskal Herriko Itzulia ere, egun berean

Euskal Herriko Txirrindularitza Itzulia Bergaratik igaroko da zapatu arratsaldean eta aurreratu dutenez, antolatzaileek GI-2632 (Bergaratik Elgetara) eta GI-627 (Bergara Maltzaga) errepideak moztuta izango dituzte 13:00etatik 17:30era. Ondorioz, auzo batzuetan arazoak sortuko dira, Uberan, San Juanen, Mekolalden eta Osintxun. Horren aurrean, Udalak irtenbideak emango ditu ahalik eta eragozpen gutxien izan dezaten auzo horietako bizilagunek:

  • San Juan Auzoko bizilagun eta Tartufo jatetxeko bezeroendako, itzuliaren antolatzaileek urbanoa jarriko dute 13:30etik 17:30era arte. Irteerak IAT (ITV) ondoko autobus geltokitik izango dira, eta Aribar industriaguneraino (Bolintxo) iritsiko da. Han buelta hartu eta beherantz etorriko da.​
  • Mekolaldeko eta Osintxuko auzotarrendako trenbide zaharreko bidegorritik autoarekin joatea ahalbidetuko zaie. Itzuliaren antolatzaileek bi pertsona jarriko dituzte era horretan antolatu ahal izateko. Esan beharrik ez dago bidegorritik ibiliko diren autoak poliki eta tentuz joan beharko direla, oinezkoekin gurutzatu ahal direlako.
  • Uberako bizilagunentzako herribusa jarriko da 09:00etan Bergarara joateko eta 18:00etan Uberara itzultzeko. Bestetik, 13:30ean hasita, eta ordu erdiro, Ernaitik San Juanera autobus zerbitzua eskainiko dute itzuliko antolatzaileek. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak